PATXI ZUBIZARRETA
IDAZLEA

Gutuna Olentzerori

Olentzero txokolatero: Joan den urtean amak idatzi zizun nire eskutitza. Nik marrazkia egin nizun. Baina aurten ikasi dut idazten eta jendeak galdetzen dit ea nola ikasi dudan hain azkar eta ea sorgin samarra naizen. Baina zuk ondotxo dakizu zergatik ikasi dudan hain azkar. Lagunek ere galdetzen didate ea kartzela nolakoa zen eta nik esaten diet hozkailu baten antzekoa dela: «Kartzela nolakoa den jakin nahi baduzu, zabaldu hozkailua, sartu barrura bost minutuan, eta gero esango didazu zer sentitzen den...»

Amaren ipuin askotan, protagonistari hiru desio eskatzeko esaten zaio. Ba nik zuri aurten hiru gauza eskatuko dizkizut:

1. Hiru txokolatezko tarta: gozotegikoa mundiala da (badakit zuri ere gazta eta ardoa baino gehiago gustatzen zaizula; lasai, gordeko dut sekretua eta gordeko dizut zatitxo bat).

2. Patata tortilla bat: amari izugarri gustatzen zaio eta aurreko bisitan aitak eta biok bat egin nahi izan genion; kartzelaren kanpoan hasi ginen, hornilloarekin, hozkailuan amak bero-bero jateko, baina guardia etorri zen eta esan zigun han ezin zela sua piztu (orain ulertzen dut zergatik den hain toki hotza!). Ba nik hozten ez den patata tortilla bat eskatu nahi dizut.

3. Uso mezulari bat: edo kapelu bat, usoa handik ateratzeko eta amari nahi ditudan mezu guztiak bidaltzeko, goardiek puskatu edo irakurri gabe. Usoak nire gustuko eskutitzak bidaliko dizkio, adibidez Juan Kruz Igerabideren poema hau: Penak elefanteak dira eta bizkarrera igotzen zaizkizu; pozak zaldiak dira eta zure oinei eragiten diete; amodioa inurriak dira eta gorputz osora zabaltzen zaizkizu. Bai polita, ezta?

Ez, hiru desioren ordez, bi nahiago orain. Amarentzat ez dut elefanterik nahi, eta zuretzat ere ez. Baina zaldiak eta inurriak bai, asko, eta zuretzat ere bai. Edo, bestela, eskatzea libre denez, desio bakarra nahi dut: atean kask-kask entzun, atea zabaltzea eta ama ikustea, ahoa bete irribarre, ze gure etxea, dakizun bezala, berogailu baten antzekoa da.

Txokolatezko musu batekin, Arrate.