Maider IANTZI
Kazetaria
IKUSMIRA

Argia, argia!

Leiho hau estreinatzera noa, Erregetako opila ahoan, egun berezi hauetan igandea eta astelehena nahasten diren bezala, sentimenduak ere halaxe. Ez dakit ongi zer erran eta badaezpada gortina gibeletik zelatan hasiko naiz, herri ttikietako ohiturari segituz.

Ikusmira piztu nahi nizuke, irakurle. Ikusnahia, lerroei jarraitzeko gogoa. Argi bat. Gure herrian urte bukaerarekin batera egiten den Glin Glanen leihoetatik haurrei botatzen zaizkien goxoki, turroi eta polboroi multzo bat oparitu nahi nizuke. Horretarako errezelak zabaldu eta leihoa ireki behar dut, ados. Ausartuko naiz...

Ilunkorra da kaleko ikuspegia, baina gau luzeenaren ondotik eguzkia denbora gehiagoz gelditzen hasi da gurekin. Horixe ospatu dugu, hain zuzen, egunotan. «Eguberri on» erranez argi aro berri honetan ongi izatea opa diogu elkarri.

Familiako ttikien ahots mehea aditzen dut lerro hauek idazterakoan: «Argia, argia!». Gelaz gela mesanotxe guztietako lanparak piztu eta itzaliz jostatzen ari dira. Botoi bat ikusi orduko «han, han!» oihukatu eta lasterka abiatzen dira. Guk baino lehenago aurkitzen dituzte etengailu ezkutuak eta zapaltzean bonbillak baino gehiago argitzen zaizkie begitxoak. «Argia, argia!», eskatzen dute, eta guk eurei baino eurek guri erakusten digutela pentsatu dut berriro.

Etzi, Bilbon, milaka argi-izpiren artean, isiltasunean garrasirik ozenena baino ozenago «Now! Euskal Herrira» aldarrikatzean, denetariko pertsonak batu eta sare bat osatzean... mesanotxeetako lanparez oroituko naiz nahitaez. Eta, begiak dirdirka eta itzal, jendetzaren bultzadarekin airean nabilela, preso eta senideen sufrimendu gordinak kolpatzen nauela, nik ere argi bat piztuko dut. Baina ez Eguberrietakoa, urtean behin jartzen diren horietakoa, baizik eta iraunkorra.

Leihoak parez pare zabaldu eta gelak egurasteko.