GARA

Salburuako hezegunean «frackinga espresuki debekatzea» eskatu dute

EH Bilduk Salburuako hezegunean frackinga espresuki debekatzea eskatu du. Arabako Aldundiak babes eremu hori kudeatzeko jarraibideen agiriari hasierako onarpena eman zion joan den azaroan, eta agiri horri egindako alegazioetan azaldu du koalizioak eskaera hori.

Pasa den azaroaren 11n Arabako Foru Aldundiak hasierako onarpena eman zion Salburuako hezegunea, Europar Batasunaren Intereseko Lekua, kudeatzeko zuzentarauak eta jarraibideak biltzen dituen agiriari. Hasierako onarpen horren aurrean alegazioa aurkeztu berri du Gasteizko EH Bilduk, babes bereziko eremu horretan frackinga espresuki debekatuta egon dadin.

«Salburuako hezegune eremua eta Gasteizko kuaternarioko akuiferoa babestea da helburua», azaldu zuen koalizioak prentsa ohar baten bidez.

Aurkeztutako alegazioan azaldu bezala, kontuan hartu behar da Gasteizko Udalean bertan, Ingurumen Azterketen Zuzendaritza Kontseiluak aho batez eskaera argi bat egin diola Uraren Euskal Agentziari, Salburuako hezegunearen babeserako perimetroan substantzia kutsakorrak erabiltzen dituzten meatzaritza jardueren berariazko debekua ezar dezan. Debeku hori babes bereziko perimetroan zehaztutako bost eremuetan aplikatzeko eskatzen dute.

Kike Fernandez de Pinedo Gasteizko EH Bilduko ordezkariak adierazi zuenez, bateraezinak dira hezegunearen eta akuiferoaren babesa eta substantzia kutsakorren erabilera behar duten lur azpiko meatzaritza jarduerak. Horrekin batera, pasa den otsailean hartutako akordio baten arabera, Ebroko 2010-2015 plan hidrologikoak Gasteizko akuiferoa babesteko perimetro baten onarpena aurreikusten duela nabarmendu zuen.

«EH Bildun argi daukagu. Eusko Jaurlaritzak eta EAJk, aldiz, gutxi batzuen onura ekonomikoak ala guztion ingurumenaren babesaren artean egin behar dute aukera», adierazi zuen Fernandez de Pinedok.

Bestalde, Estatu espainoleko Aldizkari Ofizialean atzo bertan argitaratu zen Auzitegi Konstituzionalaren epai bat, Nafarroan frackinga debekatzen duen legea baliogabetuz. 2013ko urrian onartu zuen lege hori Iruñeko Legebiltzarrak eta handik hilabete batzuetara Gobernu espainolak errekurtsoa jarri zuen, jarduera ekonomikoen planifikazioan eta meatzaritza eta energia arloetan Estatuak dituen eskumenak urratzen zituelakoan.

Gobernu espainolak dioenez, Politika Energetikoen eta Meatzeen Zuzendaritza Orokorrak egindako txosten batek frackingaren teknika baimentzen du, indarrean dauden segurtasun neurriak eta ingurumena babestekoak bermatzen badira.

Konstituzionalaren epaiak azaltzen du energia eta meatzaritza arloetan Estatuarena dela eskumen bakarra eta arriskuen gaineko kezka baztertzen du, ingurumen eraginaren ebaluazioa egiteko aukera dagoelako.

Movilización contra «Géminis» en Mungia

Las plataformas contrarias al fracking siguen inmersas en la organización de actos de información y denuncia sobre los riesgos de la fractura hidráulica, como la realizada el pasado domingo en Mungia, durante la celebración de la feria de San Anton. Convocada por la plataforma Fracking Ez! Uribe-Butroe, se celebró una kalejira y se instaló una mesa informativa parta prevenir a la ciudadanía sobre esta técnica de extracción de gas y «del peligro inminente que supone el proyecto Geminis para la zona de Mungialdea y demas comarcas», que ya dispone del «beneplácito del Gobierno español con la concesión de las licencias de exploración a las empresas perforadoras, con Shesa a la cabeza, cuyo mayor accionista es el Gobierno vasco», denunciaron. GARA