Saharako ekintzaileekin bildu da Donostiako alkatea Aaiunen
Donostiako alkatea, Juan Karlos Izagirre, Mendebaldeko Sahara okupatuan dago, Aminatu Haidar ekintzaileak gonbidatuta, sahararrek pairatzen dituzten giza eskubideen urraketak bertatik bertara ezagutzen. Bidaia, Alkatetzak ohar baten bidez azaldu zuenez, Udala giza eskubideen alorrean egiten ari den lanaren baitakoa da. «Garaia da sahararren egoera tokian bertan ezagutzeko», esan zuen Izagirrek. Asmo horrekin, zenbait bilera izango ditu datozen egunetan.

Juan Karlos Izagirrek lotura estua du Sahararekin. Bidaia anitz egin ditu Tindufeko kanpalekuetara mediku gisa. Oraingoan, alkate bezala eta ekintzaile sahararrak gonbidatuta egin du herrialde okupatuetara bidaia, beraien egoera bertatik bertara ezagutzeko. Aminatu Haidar ekintzaile ezagunarekin batera sartu zen Aaiunen. «Mendebaldeko Saharan, gure jaioterrian, sahararrok zein egoera bizi dugun ezagut dezan gonbidatu dugu, egunero-egunero bizi ditugun giza eskubideen urraketen lekuko izateko; ohorea da guretzat bera hemen egotea», nabarmendu zuen Haidarrek.
Alkatetzak ohar batean azaldu zuenez, Donostiako Udala giza eskubideen alorrean egiten ari den lanaren baitan eginiko bisita da, «bere lan ildoetako bat munduko errealitate eta gatazkak ezagutzea eta elkartasunerako eta elkar ezagutzarako bideak irekitzea baita». Izagirreren esanetan, «Palestinara, Iparraldeko Irlandara eta munduko beste herrialdeetara joan garen bezala, oraingoan sahararren egoera bertatik bertara ezagutzera etorri gara, gure elkartasuna adieraztera eta gatazkaren konponbidean gure ekarpena egitera. Desberdintasunak desberdintasun, gatazka politikoa bizi duten bi herrik elkar ezagutzea oso inportantea da».
«Urteak dira Donostiako Udalak giza laguntza eskaintzen diela errefuxiatu sahararrei. Garaia da, hortik haratago joateko eta sahararren egoera beraien jaioterrian bertan ezagutzeko», berretsi zuen.
Asmo horrekin, datozen egunetan hainbat bilera egingo ditu, besteak beste, Aaiungo alkatearekin, Moulay Hamdi Ould Errachiderekin, Nazio Batuen misioko ordezkariekin eta giza eskubideen defentsan lanean ari diren ekintzaileekin. Udalak berak babestu zuen «Memoriaren Oasia» ikerketa proiektuan jasotzen diren lekukotasunak zuzenean jasotzeko asmoa ere badu. Ikerketa horretan Francisco Etxeberria forentseak eta Carlos Martin Beristainek esku hartu zuten. Bildu zituzten 261 testingatzei esker, bi hobi komun aurkitu zituzten 2013ko ekainean Amgala eta Mehiris inguruetan. 1976ko otsailean tiroz hil zituzten zortzi beduinoen, tartean bi adingaberen, gorpuak topatu zituzten. Horietako biren nortasun agiriak, txanpon batzuk eta beste objektu batzuk ere agertu ziren hobietan.
Aurkikuntza horren berri Donostiako San Telmo museoan eman zuten. «Oroimen historikoaren gaineko prozesu guztietan ezinbesteko urratsa da giza eskubideen urraketak dokumentatzea justizia egiteko, eta ikerketa honek jasotzen dituen testigantzek orain arte ezkutuan zegoen errealitatea azalarazi dute», esan zuen Izagirrek.
Elkarretaratzea Iruñean
Bestetik, Estatu espainolak babes politikoa ukatu ondoren kanporatua izateko arriskua duen Hassana Aalia ekintzaile sahararren aldeko elkarretaratzea deitu dute gaurIruñeako Gaztelu plazan 19.30ean. Bizi osorako kartzela zigorra ezarri zioten Marokon Gdeim Izik kanpalekuan egin zen protestan parte hartzeagatik. 17 urterekin atxilotu eta torturatu zuten.
Human Rights Watch-ek bere urteroko txostenean salatu duenez, Marokok errepresioa bere horretan mantendu du herrialde okupatuetan. Iaz, nazioarteko berrogei behatzailetik gora kanporatu zituela edo sarrera galarazi ziela azpimarratu du. Epaileek «adierazpen askatasuna urratzen duen legedia oinarri hartuta, ehunka manifestari edo oposizioko kide espetxeratu zituzten. Adierazpen gehienak torturapean lortu zituzten».
Duela bederatzi urte Tindufeko kanpalekuetako mediku jardunetik jaiotako harreman estua
«Giza laguntza oinarrizkoa da, baina salaketa politikoa ere egin behar da», nabarmendu zuen Juan Karlos Izagirrek 2012an Gaur8rekin eginiko elkarrizketa luzean. Saharar herriarekin duen harreman estuaz sakon aritu zen. 2006an abiatu zen lehen aldiz Tindufeko errefuxiatu kanpalekuetara mediku gisa. «Lehendik Afrika ezagutzen nuen zer edo zer, batez ere Ginea Bissau, Mali eta Kamerun. Trekkingak egiten eta herrixkak ezagutzen ahalegindu izan gara eta, horietan bezala, jendearen harrerak eragin zidan zirrara. Egoera hain zailean dagoen eta hain gauza gutxirekin bizi den jendeak duen guztia eskaintzeko borondatea eta nahia izatea izugarria da, baita zer ingurunetan bizi diren ikustea ere: basamortu latza da hura, harria eta harea besterik ez dago. Ez dunarik, ez mendirik, ez ezer», azaldu zuen. «Beti iruditzen zaigu guk egin dezakeguna ez dela asko, eta gauzak ez direla guk emandakoagatik konponduko. Aktibatu beharra dago. Horren guztiaren atzean arazo politikoak daude eta horiek identifikatu eta salatu behar ditugu», esan zuen orduan Izagirrek. GARA

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
