Nerea GOTI

«Erlijioa eskolatik at!», aldarrikatu du Steilas sindikatuak Bilbon

«Eskola publiko inklusiboa, guztiona, nahi badugu, Erlijioa ikasgaiak ez luke lekurik izan behar curriculumean eta eskola ordutegiaren barruan», adierazi zuen atzo Steilas sindikatuak, Bilbon egindako protestaldi batean. Matrikulazio kanpaina hasi berri dela-eta, Erlijioa aukeratzeak eskolan gainerakoentzat dakartzan ondorioak nabarmendu zituen, eta ikastetxe osoko antolakuntza familiek egiten duten aukeraketa horren araberakoa dela kritikatu zuen.

Eskola publikoan matrikulazio kanpaina martxan jarria dela aprobetxatuz, Steilas sindikatuak erlijioaren irakaskuntzaren gaineko parodia egin zuen atzo Bilbon. Hain justu, Lakuako Gobernuaren egoitza aurrean egin zuen elkarretaratzea, ikastetxe publikoetan laikotasuna defendatzeko. «Eskola publikoak laikoa izan behar du guztiona izan dadin, geure burua horretan ordezkatuta ikus dezagun gure sinesmenak kontuan izan gabe, gai hori pribatua baita», adierazi zuen sindikatuak.

Steilasen iritziz, «erlijio askatasuna duen gizarteak fedea garatzeko leku aproposak izan behar ditu; besteak beste, elizak, meskitak, sinagogak, eta abar, baina ez ikasgelak».

Aurtengo ikasturtetik, aldiz, Lomce legea ezarrita eta Lakuaren Heziberri Hezkuntza dekretu berriarekin, erlijio katolikoak beste edozein ikasgairen kategoria berbera duela salatu zuten.

Erlijioa ebaluazioan sartu izana eta espediente akademikoan eragina izatea kritikatu zuten, eta ez hori bakarrik, Heziketa Fisikoak edota Artistikoak duten ordu kopurua gainditzea eta Elizaren hierarkiak erabakitzen duen curriculuma jarraitzea onartezintzat jotzen dute.

«Madrilgo Gobernua eta Eusko Jaurlaritza gotzainen eskaeren zerbitzura jarri dira eta erlijioa aukeratzen ez dutenei horren ordezko ikasgai bat irakasteko derrigortasuna ezartzen dute», salatu zuten. Izan ere, komunikabideei egindako adierazpenetan, Ana lopez Steilaseko ordezkariak azaldu zuen «aukeratzeko askatasuna familia batzuek soilik» dutela: «Batzuek aukeratzen dute, baina besteek ez. Erlijioa ikasgaia aukeratzen ez dutenek gelan egon behar dute, baina ezin dute eskola curriculumean aurrera egin, legeak ez duelako baimentzen».

Hezkuntza komunitateko hainbat estamentuk eskola publikoan haurrak Erlijioan ez matrikulatzera dei egin dutela gogorarazi zuen Perezek.

Pribilegioak

Steilasek gaineratu zuen horri guztiari Erlijio irakasleek dituzten pribilegioak gehitu behar zaizkiola. Azaldutakoaren arabera, ikasleek Apezpikutzak ematen duen `misio kanonikoa'-rekin eman dezakete eskola eta «nahiz eta zerrendek urteak daramatzaten itxita, beste espezialitate batzuetara salto egin dezakete, haur hezkuntza, lehen hezkuntza edo hezkuntza fisikora kasu». Gogoratu zuen, bestalde, Madrilgo Gobernutik Lakuakora eskumenak pasatzean, Erlijio irakasleak langile finko bilakatu zirela. Erlijioak duen trataera bereziaren harira, beste errealitate bat ere nabarmendu zuen: «Bigarren Hezkuntzan edozein ikasgaitan talde bat osatzeko gutxienez 13 ikasle behar dira; aldiz, erlijio katolikoa ikasle bakarrak eskatzea nahikoa da irakasle bat izendatzeko». Perezek zehaztu zuenez, «lehen Erlijio orduak baino ezin zituen eman irakasle horrek eta orain ordutegia bete dezake bere titulazioaren arabera eman ditzakeen beste ikasgaiekin.

Edukiak

«Lomce legearekin eta Lakuako Gobernuaren Heziberri hezkuntza dekretu berriarekin, Erlijioa ikasgaiko nota espediente akademikoan jasoko da, baina ikasgaiaren edukia Elizak erabakiko du, ez Hezkuntza Sailak», salatu zuen sindikatuak.