Ariane KAMIO

Kultur ekosistema hizketan hasi da: beharrak eta gabeziak mahai gainean

Kultur ekosistemak, bere osotasunean, dituen gabezia eta beharren gaineko Premiazko Ekintza eta Neurrien Egitasmoa aurkeztu berri dute. Euskal kulturak dituen premia horiei helduz, era kolektiboan eta foro irekietan aterabideak bilatu nahi ditu Geuk plataformak. Ideiak proposatzeaz gain, ekarpenak egiteko eta parte hartzea abiatzeko prest da.

Kultur ekosistemak zaintza berezia behar du; are gehiago, euskal kulturaz hitz egitean. Edozein ekosistematan gertatzen den bezala, gehiegikeriek gabeziak eta beharrak sortzen dituzte eta talde osoa hankaz gora jartzen dute. Euskal kultura X izpiekin begiratzea bezalakoa da Geuk plataformak atzo aurkeztu zuen Premiazko Ekintza eta Neurrien Egitasmoa. Beharrei, zauriei, zuzenean eragiten dien kimioterapia saio bat bezalakoxea. Ilea galduta baina bizirik da oraindik, eta osasuntsu egoterainoko alternatibak jarri dituzte mahai gainean.

Ez da, baina, teknika oldarkorra proposatzen dutena. Foro irekiak eta ekosistemako parte diren guztien arteko erabakiak dituzte hezur-muin. Transplanterik ez, baina zelula berriak organismo osora zabaltzea ezinbestekotzat jotzen dute, urteetan bizirik dirauten gaitzek sendabidea izan dezaten.

Geuk plataformako kide, kultur eragile eta idazle Gotzon Barandiaranek egin du euskal kulturari egindako erresonantzia horren gaineko irakurketa. 2014ko otsailean eta ekainean egindako deialdi irekietatik jasotako kezka eta ekarpenetatik gorpuztu da Premiazko Ekintza eta Neurrien Egitasmoa, euskal kulturari egindako analisi sakona. Beharrak, gabeziak, hutsuneak, alternatibak...

Zerk sortzen ditu zauriak? Jo dezagun diru-laguntza publikoetara. «Beste arlo batzuetan lehenengo premiak identifikatzen dira eta ze gabezia dagoen, eta gero horri esleitzen zaio diru bat, normala den bezala. Kulturan beti gertatu da beste gai askotarako inbertsioetan gastatu dela diru gehiena eta geratzen den horrekin moldatu behar izan dugu», adierazi du.

Alternatiba? Kudeaketa publikoan eragile profesionalen ardura eta parte hartzea bermatzea. «Erakunde publikoak ez dira Jaurlaritza edo foru aldundiak soilik, herrietan ere zinegotziek hartzen dituzte erabakiak kultur teknikariekin batera. Nahiz eta lan egiteko modua aldatzen ari den, merkatuari kasu eginez erabakitzen da. Erakunde publikoak kultur ekosistemaren parte dira eta ez ditugu etsai modura hartu behar», agertu du.

Ez hori bakarrik. Kultur eragile eta sortzaileek pairatzen dituzten lan baldintza prekarioei ere aterabidea bilatu nahi die. Esaterako, Gizarte Segurantzan epigrafe propioak erantsiz, edo kulturan enplegua sortzeko politika zehatzak proposatuz. «Eta prest gaude parte hartzeko guzti horretan, eta prest gaude hezkuntzan, arautuan zein ez arautuan, transmisioan ekarpenak egiteko. Gure jarrera ez da `gu hemen gaude eta bete egin behar dira'; gure asmoa erabakiak guztion artean hartzea da», zehaztu du.

Komunikazioari aipamena. EITB bezalako entitate publikoa «oso garrantzitsua» dela iritzi dio, baina «euskal kulturak kanonak behar ditu. Ezin diogu eman leku handiena bertan egiten ez denari. Ez dago kultur adierazpideen programaziorik», ohartarazi du. Komunikabideak, baina, «ezinbestekotzat» jotzen dituzte; «guretzat bidelagunak zarete, eta EITB bezalako erakunde publiko bat, are gehiago». Beraiek edukiak dituzten saioak proposatu nahi dituzte irrati, telebista eta sarerako. Beste botikarik ere badute; Internet bidezko kultur telebista, EITB eta entitate pribatuen artean osatutakoa. «Belaunaldi gazteen telebista oso denbora gutxian Internet izango da», baieztatu du.

Euskal Herriko eleaniztasunaz jakitun da Geuk taldea eta sortzaile desberdinek komunean beharrizan ugari dituztela badaki. Baina euskara, hizkuntza eta kultura gutxitua den neurrian, zaintza berezien unitateko makinetara lotuta dago. Euskarazko Kultura Elkartea litzateke arnasbide berri bat. «Euskaraz kulturgintzan ari garenok behar dugu elkartu, azpitalde bat balitz bezala. Defendatzen ditugu kulturgintzan ari garenok profesionalizatzeko neurri batzuk, baina gero euskaraz egiten den kulturak lanketa berezia behar du», azpimarratu du.

Proposamena euskal erakundeetara helaraztea dute helburu, atzo iragarri zutenez. Aste honetan bilduko da Gasteizen Kultura Auzolanean lau urteko egitasmoa, eta Geuk plataformak ere badu ekarpenak egiteko gogoa. Otsaileko bileretan Lakuako Gobernuko kideekin izan zuten harremana, «baina ez digute guk nahi genukeen harrera egin. Uste dugu guk proposatzen ditugun zenbait neurri eta Kultura Auzolanean proiektuan dauden hainbat lan ildo bat datozela. Denon artean lan egitea eskatzen diegu. Baina ez deialdi itxiekin eta atzamarrez hautatutako eragileekin. Foro irekiak eta zabalak nahi ditugu eta parte har dezala kultur ekosistema osoak, baldintzarik gabe», adierazi du.

Diagnosia eginda dago eta zaurien aurkako botikak mahai gainean daude. Bateragarritasun probak ez dira askotan arrakastatsuak izaten, baina saiatu gabe ez dago sekula jakiterik. Hauteskundeetara bidean, alderdi politikoekin ere bilera erronda egingo dutela iragarri dute, haien programetan dituzten kultur proposamenen berri jakin eta beren neurriak ere aurkezteko. Sendabidea finkatuta dago; akordioak falta dira.