GARA IRUÑEA

Ikasleak erreformen kontra kalera aterako dira otsailaren 26an

Madrilgo Gobernuak eta Europar Batasunak adostutako hezkuntza erreformen aurkako eguna antolatu dute Ikasle Abertzaleek otsailaren 26rako. Hezkuntza ertainean «Lomce desobeditzeko daukagun determinazioa eta indarra erakusteko eguna izango da». «Unibertsitateetan, ordea, EU 2015aren, eta konkretuki, 3+2aren aurrean, tinko erantzungo dugu; Euskal Eskola Nazionalaren bidean hezkuntza herritik eta herriarentzat izatea beharrezkoa dela argi utziz», azaldu zuen atzo sindikatuak.

Iruñean 12.00etan UPNAtik abiatuko dira Parlamentura; Bilbon zutabeak abiatuko dira Sarriko, San Mames eta Arriagatik 11.30ean, Moyua plazara, eta handik, 12.30ean, manifestazioa izango da Hezkuntza Ordezkaritzara; Gasteizko unibertsitateko Aulariotik 12.00etan irtengo dira; eta Donostian ordua zehazteke dago. Gainerako eskualdeetan ere tokian tokiko mobilizazioak izango dira.

Bestalde, otsailaren 26tik martxoaren 18ko astera arte ikasleek «eraikuntzara salto» egingo dutela nabarmendu zuten Ikasle Abertzaleek. Hezkuntza ertainean, Lomceren aurkako tailerrak antolatuko ditu sindikatuak, «desobedientzia» lantzen. Eta unibertsitateetan Herri Unibertsitateak egingo dituzte. Izan ere, «Herri unibertsitatea, unibertsitate eredu euskaldun eta herritarraren eraikuntzaren bidean euskarri garrantzitsua izango da».