GARA DONOSTIA

Dejabu Panpin Laborategiaren «Arrastoak» lanak jasoko du Donostia Antzerki Saria

«Arrastoak» antzezlanak eskuratu du aurtengo Donostia Antzerki Saria. Martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, egingo da saria emateko ekitaldia, 20.00etan, Victoria Eugenia antzokian. Ekitaldiaren hasieran saria emango da eta ondoren lan irabazlea ikusteko aukera izango da.

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak ematen duen sariari esker 10.000 euro eta Iñigo Arregiren serigrafia bat jasoko ditu antzerki konpainiak. 8.000 euro orain eskuratuko ditu eta gainerako 2.000 euro jasotzeko 2017. urtea bukatu aurretik euskarazko antzerki lan berri bat eskaini beharko du Donostian. Horrez gain, ikuskizun berri hori prestatzeko bi aste egin ahal izango ditu Ipar Euskal Herriko Harri Xuri produkzio gunean.

Epaimahaiko kideen esanetan, «kolektiboko kideek ausardiaz eta sendotasunez heldu diote gaurkotasuna galtzen ez duten zenbait auzi garrantzitsuri, horien artean nabarmenena nor garen eta nondik gatozen galderei erantzuten saiatzearena. Sormenez beteriko lana da, oso mamitsua. Maila metaforikoa erabiltzen dute oso modu bizian». Bada besterik. «Trebetasun handiz eratu dituzte argumentu konplexuak eskatzen zituen eszena guztiak. Baliabide eszenikoen erabilera oso poetikoa nabarmentzen da: argia, musika, itzalekin egindako jokoak, panpinen erabilera, gorputz espresio eta mugimenduekin egindako joko guztiak. Elementu gutxi erabili dituzte, baina dramaturgia aberatsaren zerbitzura egon dira guztiak eta ezin hobeto egokitu dira irudi plastikoen edertasunera eta eszenen arteko aldaketa bizkorretara», goraipatu dute.

Urko Redondok, Ainara Gurrutxagak, Miren Alkalak eta Iñigo Aranbarrik egindako interpretazio lanak nabarmendu ditu epaimahaiak eta zuzendaritza kolektiboaren lana agerian geratu dela azpimarratu.

Donostia Antzerki Saria eskuratzen duen hirugarren aldia duDejabu Panpin Laborategiak. Bidean jasotako sari hauen eta beste batzuen gainetik ikusleen iritzia du kontuan Redondok. «Publikoak esaten digu ondo ari garen», esan du. «Ikusleak lanean nola sartzen diren ikusteak erakusten digu zerbaitetan asmatu dugula», gaineratu du.

Sariaren harira, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak urtean zehar egiten duten ahalegina nabarmendu dute. «2014an Donostian helduentzako 15 antzerki lan eta 40 emanaldi eskaini dira eta guztira 5.854 ikusle izan dira», esan dute.