Ez-leku eta ez-denbora batean, paradigma berrien bila
Eleberrigintza ohikotik ihesi, Mikel Ayllonek Igartza saria irabazi ondoren «Ez tiro egin anbulantziei» lehen eleberria kaleratu berri du. Atzekoz aurrera kontatutako istorioa ondu du, egungo paradigma zaharren ordezko berriak bilatu nahian dabiltzan pertsonaiekin.

«Mundu zaharra hiltzen ari da eta ez dator berririk. Argi-ilun honetan jaiotzen dira munstroak». Antonio Gramsci pentsalari italiarraren hitzekin ematen dio hasiera Mikel Ayllonek «Ez tiro egin anbulantziei» (Elkar) lanari. Eta esaldi horretan borobiltzen da, idazlearen aburuz, Igartza Saria eskuratu izanaren ondotik osatu duen eleberria. Ohiko kontakizun estiloetatik aldendu eta istorioa irauli egin du. Irauli, atzekoz aurrera egindako kontaketa bat proposatuz. «Irakurleak arreta guztia jartzearen saiakera bat da. Alertan behar ditut nirekin bidaia honetan joateko», azaldu zuen atzo Donostian egindako aurkezpenean.
3,2,1. Horrela zenbatu ditu liburuaren «hiru zati eta erdiak». Ondorioak lehenengo eta arrazoiak gero. Eta, tartean, argi-ilun horretan sortzen diren munstroen gorabeherak. Ez-leku eta ez-denbora batean sortu du Ayllonek bere kontakizuna. «Egungo paradigma sozial, politiko eta kulturalak gainbeheran doaz. Mundua ulertu eta antolatzeko modua amaitzen ari da. Bizitza antolatzeko era berrien premia dago. Baina egun, pertsonak baino, beldur naiz ez ote garen arraza berri bat sortzen ari», azaldu zuen. Bi protagonista nagusik harilkatzen dute trama. Sylvie eta Gerard dira. Bata ekintzailea, paradigma berri horien bila lan egiteko prest dagoena. Bigarrena, munstroa, aldaketei bizkar eman eta datorrenaren zain dagoena. Hala, bi pertsonaia nagusi horiei gertatutakoarekin hasiko da eleberria. Espetxea, Gerardentzat; hileta, Sylvierentzat. Hortik aurrera, gertatutakoaren arrazoiak azaleratzen joango dira, inon inork arrazoiketarik egin badezake, bederen.

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
