Maider IANTZI
ARABAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Langraiz Okan erabaki da finaleko seikotea, tartean Enbeita eta Igoa

Txapelketen historian Añanan jokatutako lehen saioan, seigarren eta azken finalaurreko goxoan osatu zen finaleko seikotea: Manex Agirre, Oihane Perea, Zigor Enbeita, Iñaki Viñaspre, Xabi Igoa eta Ruben Sanchez. Enbeita nagusitu zen Langraiz Okan ehun bat bertsozaleren aitzinean, eta hurbiletik jarraitu zion lagunen zorionak jaso eta jaso pozarren zegoen Igoak.

Bertsoarekin inguru berri bat konkistatuz amaitu ziren atzo Arabako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoak. Hamazortzi bertsolarik kantatu dute, hiruna saiotako bi itzulitan. Hala, bakoitzak bi aldiz abestu du. Frontoiek batzuetan izaten duten handitasun eta hoztasunarekin kontrastean, saio bildua eta goxoa izan zen Langraiz Okako Gizarte Zentrokoa. Publikoak hasieratik hartu zituen protagonistak txaloz, oihuz eta bukaerak kantatuz.

Zortziko handiko lehen ofizioetatik heldu zieten ongi gaiei bertsolari gazteek (Enbeita beteranoarekin batera). Langraiz eskolako bi irakasleren azaletik elkarri erantzunez ongi ibili ziren Enbeita eta Solozabal. Gero eta euskara gehiago erabiltzen dela eta harrituta daude. Aldiz, bizi diren herrian beti euskaraz egin izan den arren, erabilera behera doa. «Euskaldun zaharrek hor badaukagu berrietatik zer ikasi», hausnartu zuen Abornikanokoak. Eta «eskola hontako ateak pasa ta erdaraz egingo dute», erantsi zuen gasteiztarrak.

Zortziko txikian, elkar zirikatuz eta umoretsu segitu zuen saioak. Solozabal eta Paula Amilburu pisukide berriak komunean ibili ziren adar joka, bata dutxan zegoela bestea pixa egitera sartuta. Azkenean batera dutxatzen bukatu zuten, Amilburuk bota bezala, «ura aurrezteko». Hirugarren egin zuen aramaioarrak freskotasuna ekarri zuen, nahiz eta bazirudien batzuetan, urduritasunagatik-edo, bertsoak ihes egingo ziola.

Kartzelan, fresko

Ideia berrien adibide da kartzela. Honakoa zuten gaia: momentua iritsi da, familiarteko eta lagunez inguratuta zaude. Hagitz txalotua izan zen Amilbururen bigarren bertsoa: «Ikusten dut batzuek daukate irrifarrean ahalegina/ eta beste batzun aurpegian nik ikus dezaket mina/ gaurkoan kanpoan utziko dut nik esperantza latzen grina/ behingoagatik bukatuko da betiko nahi ta ezina/ Iñaki izena hartuko dut lagunentzako ni Iña/ betiko berdina izango naiz eta horren desberdina».

Zigor Enbeitak bertso hunkigarriak bota zituen azken arnasa ematen ari denaren paperean. Hala bukatu zuen lehena: «Ez nuke malkorik gura nire azken agurrean». Igoak ere hor borobildu zuen saioa: «Langraizetik zuzenean Printzipaleraino salto/ ta elitean enintzen itxuran aritu txarto/ afaltzeko hiru pizza eta zerbezetan bapo/ urtetako ahalegina hala ospatu beharko/ baina familiakoei bihotzez eskerrik asko/ ni baino askoz gehiago sufritu duzuelako».