Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Atzokoa

Etxean, Martxoaren 8a beti izan da egun seinalatua, Maiatzaren Lehena bezala. Halere, askoz ere gehiago oroitzen ditut bigarrenaren harirako manifestazio eta ekitaldi jendetsuak hil honetako data horrekin loturikoak baino. Familiartean, beti izan dugu emakumeon mendekotasun-egoeraren kontzientzia, esplizituki hitz egin eta eztabaidatu dugulako gaiaren alderdi orori buruz, arrunta dirudiena begirada sakonagoaz eta zorrotzagoaz begiratzen erakutsi zaigulako. Alabaina, nabarmenagoa da nire oroitzapenean langileriaren egunaren arrastoa; zergatik eta, beste barik, askoz ere indartsuagoak izan (eta) direlako.

Atzoko egunak beti eragiten dit sentsazio bera: puska handi baten ezarena. Irakurtzen ditut gizon-emakumeek sinaturiko adierazpen instituzionalak; ikusten ditut emakumeon presentzia eta jarduna nabarmentzeko gizon-emakumeek antolaturiko ekitaldi eta ekimenak, kartelak, iragarkiak eta kanpainak; ikusten ditut borondatea, asmoa eta mugimendua, milaka herritarrena; eta uste osoa izaten dut bide onean gaudela, atzera bueltarik ez duela eta, garrantzitsuena, jendartea betiko aldatu dela zentzu horretan. Gero, martxoaren 8an, azaroaren 25ean bezala, lurrera itzultzen naiz. Gutxiegi gaudelako oraindik konbentzituta eta batuta emakumeok gu geu, geuk eta gure alde borrokatzeko; are gutxiago ditugulako batuta eta asmo osoz, borrokakide, gizonezko gehienak. Bakanegiak gara, dira, Martxoaren 8a, Azaroaren 25a bezala, bere egiten duten pertsonak. Kalean egiaztatzen da hori urtero.

Arazo hori dugu eta, gainera, norbere sasi-erosotasunaren tranpan kateatuegi eta itsuegi gaudela. Duela gutxi entzun nion benetako gertakarietan oinarrituriko film bateko («Pride») pertsonaia bati, idealistetan idealistena eta ekintzaileetan ekintzaileena, ezin daitekeela uler langileriaren borroka, esaterako, emakumeen eskubideen aldeko borrokatik aparte; ezin irudika dezakegun bezala pertsonen askatasunaren defentsan pertsona batzuena -gustuko ditugunena, gure jitekoak direnena- baino ez babestea. Baina halaxe egiten dugu, pertsonen aldeko borrokak mailakatuta ditugu, lehenetsita, zergatik eta pertsonak gauza askoren arabera sailkatzen-balioesten jarraitzen dugulako. Bilboko Arriaga plazan irakurri nuen, gutxi gorabehera: «Lankidetza da bete-betean sinestea inor ez dela helmugara iristen denak iritsi ezean». Pentsarazi zidan, zeharo bat natorren heinean, berdintasunak ezinbestean eskatzen duen lankidetzan, kidetzatik eskas gabiltzala oraindik. Ez ote dugun arazorik handienetakoa, erdi-ongizatearen hemisferioan bizi garenok, pertsonon aldeko helmugak, oro har, eta emakumeonak, bereziki, jada gurutzatuak ditugula uste izatea. Hori da edo, bestela, helmugok kolektibotzat jotzeari utzi zaiola, indibidualismoaren gorenean sinetsita harenak ez gaituela ukitzen, geureak ez diola eragiten.

Atzokoa jendarteari eta nork bere bizitzari genero-ikuspegitik begiratzen ikasten eta irakasten jarraitu beharraren oroigarria da, batez ere, jendarte-egitura desorekatua irauliko badugu. Kalean berresten da-eta, egunero, begirada berezitu hori hedatzearen eta errotzearen premia.