GARA LESAKA

Xabier Terreros eta Julio Soto finalerako sailkatu dira

Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen bi finalisten izenak erabaki dira asteburu honetan. Julio Soto nagusitu zen larunbatean Berriozarren eta Xabier Terreros, Lesakako saioan.

Asteburu honetan ezagutu dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean arituko diren lehen bi sailkatuak. Julio Soto eta Xabier Terreros zuzenean sailkatu dira finalerako, hurrenez hurren Berriozarren eta Lesakan ospaturiko finalaurrekoetan nagusitu ondoren.

Julio Sotok 347,5 puntu eskuratu zituen Berriozarren buruturiko saioan. Soto izan zen erregularrena. Bere ostean Eneko Fernandez sailkatu zen 324 punturekin eta hirugarrena Jon Barberena izan zen 310 punturekin. Iñigo Olaetxeak 299,5 puntu lortu zituen, Alazne Untxalok 299 eta Sarai Roblesek 280,5.

Lesakako kultur etxean ospaturiko saioan, berriz, Xabier Terreroresek 344 puntu eskuratu zituen. Bigarren sailkatua Aimar Karrika izan zen 336 punturekin eta Ander Fuentes Itturri hirugarrena 327 punturekin. Julen Zelaietak 319,5 puntu lortu zituen, Kotxe Plazak 315 eta Amaia Elizagoienek 286.