GARA

Euskal Herriko 300 kazetarik baino gehiagok babestu dute Iraitz Salegi

Euskal Herriko 59 hedabidetako 300 kazetari eta argazkilarik baino gehiagok sinatu dute dagoeneko «Kazetaritza ez da delitua» manifestua, Topatu.info agerkariko Iraitz Salegiren kasua eta, bide batez, Gobernu espainolak bultzatu duen «Mozal Legea» delakoa salatzeko.

Adierazpen askatasunaren alde eragiteko asmoz, «Kazetaritza ez da delitua», izen bereko babes kanpaina ere abiatu dute kazetari eta argazkilari eta oro har komunikazio arloko langileek. Orotara, ia hirurogei hedabide desberdinetako kideak elkartu dira babes kanpaina honen atzean.

Mezularia zigortu

Manifestuaren bitartez gogoratu dute «Mozal Legeak» zuzenean eragiten diola komunikabideen lanari. «Manifestarien aurkako poliziaren gehiegizko indarraren erabileraren berri ematea, etxe-gabetzeen zuzeneko kontakizuna egitea eta kolegiatu gabeko kazetaritza herritarra delitu bilakatu nahi ditu», ohartarazi dute.

Eta hor kokatzen dute Iraitz Salegi Topatu.info-ko kazetariaren kasua. 2013ko martxoan Ernai gazte antolakundeak Urduñan antolatu zuen Gazte Danbadan kazetari lana egiteagatik «terrorismoa goratzea» leporatzen diote eta 18 hilabeteko espetxe zigorra eskatu. Epaiketa maiatzean izango da.

«Beste hainbat gauzaren artean, gure inguruko ekimen, ekitaldi, istilu, gertakari edo manifestazioen berri ematea kazetarion egitekoa da eta gure lan publikoa egitea ezin da inolaz ere delitu bilakatu. Mezularia zigortu nahi dute», gaineratzen du manifestuak.

«Mozal Legea» kazetaritza lana «baldintzatzeko» erabilia izango dela salatu dute manifestuan.