Amalur ARTOLA DONOSTIA

Kulunka eta Vaivenek estreinaldi bana dakarte Donostiako dFeria azokara

Plazera bizitzako gauza txikietan aurkitzen duen adineko tematia eta bere dohainei begira jarri beharko duen Cyrano musikaria dakartzate Kulunka eta Vaiven taldeek Donostiako dFeria azokara. Lehena atzo antzeztu zen oholtza gainean lehendabiziko aldiz; bigarrenak gaur zapalduko du Lugaritz kultur etxeko agertokia, gaztelaniazko bertsioan.

Lau egunez Donostiako kale eta antzokiak dantzaz eta antzerkiz bete behar dituen dFeria arte eszenikoen azoka atzo abiatu zen, eta, ohikoa denez, bertan parte hartzen ari diren konpainietako batzuek tarte bat egin zuten aurkeztu behar dituzten lanen nondik norakoak argitzeko. Horietako bi dira Kulunka eta Vaiven. Lehenak atzo bertan estreinatu zuen bere azken ikuskizuna, zahartzaroaz eta bizitzako gauza txikiek ematen duten plazeraz diharduen «Solitudes».

2010ean sortutako konpainiaren bigarren antzezlana da «Solitudes» eta, aurrekoa bezala (23 herrialdetara eraman duten «Andre eta Dorine»), maskara ikuskizuna da. Garbiñe Insausti antzezlearen hitzetan, obrak inkomunikazioa eta bakardadea ditu ardatz: «Maiz, esku artean duguna ez dugu baloratzen galtzen dugun arte. Adineko jendeak gauza txikietan aurkitzen du plazera eta gure protagonistarentzat karta-jokoa da plazer hori. Inguruan dituenek zaindu egiten dute, baina ez diote behar duen konpainia ematen; gure protagonista hori aldatzen ahaleginduko da eta horrek ondorioak izango ditu». Insaustirekin taula gainera Edu Carcamo eta Jose Dault igo ziren eta, azkenaren hitzetan, obra «ulertua izatearen eta beranduegi ulertzearen garraztasunaz» mintzatzen da.

Vaivenek, aldiz, gaur bertan aurkeztuko du gazteleraz publiko ororentzat egin duen azken lana: «New Orleansko Cyrano». Konpainiako kide Ana Pimentak azaldu zuenez, obrak «Cyrano de Bergerac» klasikoa du oinarri eta, hemen ere, Roxanaz maiteminduta dagoen protagonistak bere konplexuei egin beharko die aurre. Badu, halere, berezitasunik: XIX. mendeko New Orleansko musika eskola batean kokatu dute istorioa. Hala, Cyrano (Kepa Errasti) tronpeta jole bikainak bere dohainetan fidatzen ikasi beharko du. «Erraz sartzen den obra da -azaldu zuen Errastik-. Bertsotan mintzatzen gara eta hasieran konplexua iruditu zitzaidan, baina euskaraz antzeztu dugunean haurrek primeran jarraitu dute istorioa». Mezuari dagokionez, Pimentak argi du ze helarazi nahi duten: «Bizitza honetan arriskatu egin behar garela, eta nahi dugunarekin koherente izan».

Gaztelerazko bertsioa gaur estreinatuko dute, 10.00etan Lugaritz kultur etxean, eta 11.30ean leku berean emango dute, euskaraz.

Vaivenek iaz estreinatu zuen «Happy End» antzezlan arrakastatsua ere emango du dFerian: krisialdi ekonomikoaren baitan bere buruaz beste egin nahi dutenen erakundea sortuko da, baina, egoera ekonomikoak onera egiten duen heinean, krisian sartuko dena erakundea bera izango da. «Kritikak ikustean sorpresa hartu genuen, halako gaiari umore beltzetik heltzea agian fribolotzat har zitekeelako... Baina umoreak drama arintzeko izan behar duela uste dugu, eta jendeak hori ulertu egin du».

«Happy End» bihar emango dute, 11.00etan, Intxaurrondon.

Libano gogoan

Aurkeztu zituzten gainerako lanetatik bada aipatzea merezi duen bat: L'Om Imprebís-en «Un obús en el corazón». Wadji Mouawad idazle libanoarraren testutik abiatuta, Santiago Sanchezek egokitu eta Hovik Keuchkerianek antzezten duen obra da eta, bertan, autoreak gerraren ondotik jaioterria utzi eta Kanadara joan behar izateak sortu zizkion sentipenak azaltzen ditu. «Oso testu poetikoa da, metaforaz josia, Libanoko beroa utzi eta Kanadako hotzak erraiak nola izoztu zizkion kontatzen du», azaldu zuen Sanchezek. Idazlearen papera Keuchkerianek egiten du; bera ere Libanon sortua da eta gerragatik gurasoek Madrilera bidali zuten haurtzaroan. «Testua ikusi nuenean banekien nik antzeztu behar nuela», azaldu zuen, eta obra «beldurrei aurre egiteaz, biluzik bizi ahal izateaz, oihukatzeaz, haurtzaroko dramei aurrea hartzeaz eta berriro jaiotzeaz» ari dela ziurtatu zuen. Antzezlana gaur emango dute, 18.45ean, Antzoki Zaharrean.

Oligor eta Microspia konpainia mexikarraren lehen elkarlanaren emaitza ere, «La máquina de la soledad», gaur ikusi ahalko da, 20.30ean, San Telmon. Obra prestatzeko, eskutitzak gaitzat hartu eta Shaday Larios eta Jomi Oligor merkatuz merkatu ibili ziren gaiarekin lotutako objektuak biltzen: «Atzean istorio bat duten objektuak dira, esanahi zehatz bat dutenak, eta istorio horiek lotuz eskutitzen eta idaztearen inguruko gogoeta egiten dugu ikuskizunean», azaldu zuen Oligorrek. Guztia sei metro karratuko espazioan eta 46 ikusleren aurrean.

Azkenik, Mariano Tenconi Blanco «La fiera» lanarekin dator dFeriara. Emakume-tigrearen mitoan oinarrituta, Tucumaneko oihanean mendekuz gizonak hiltzen hasten den emakumea du oinarri obrak, emakumea aldi berean heroi eta pertsona arrunta dela ikusarazteko. Antzezlana gaur eta bihar emango dute, 23.00etan DSS2016 gunean.