M.D.

Nafarroako Parlamentuak sostengua eman dio Korrikari, baina dirurik ez

Korrika 19 euskararen aldeko lasterketari sostengua adierazi zion atzo Nafarroako Parlamentuak adierazpen instituzional baten bidez. UPNk eta PPk aurka bozkatu zuten eta EH Bilduk, PSNk eta I-Ek alde.

Dena den, adierazpen honek ez du sostengu ekonomikorik ekarriko, PSNk UPNrekin eta PPrekin bat egin zuelako kilometro bat erosteko proposamenaren aurka bozkatzeko. Asmoa parlamentariek Korrikaren kilometro hori korritzea zen, modu honetan euskararen aldeko jarrera azaltzeko.

Atzo onartu zen adierazpena hilaren 12an egingo den Batzarrean irakurriko du Parlamentuko presidenteak. Bertan, euskara berreskuratzeko helduen euskalduntze eta alfabetatzean lan egiten duten taldeen lana nabarmentzen da. Bide batez, herritarrei Korrika 19 ekimenean parte hartzeko deia egiten die Iruñeako Ganberak.