Aizkorak zorroztu
Ez gaude lasai egoteko. Urteak joan eta urteak etorri, erabileraren datuak okerrera doaz. Azken hamarkadetan sustatutako hizkuntza politikek jakintza hedatu dute, baina erabileran ez du itzulpen bera izan. Kontu jakina da. Aizkora kamutsak ez du apenas balio. Baina aizkorak zorrozteko baliabide eta estrategiarik ez da garatu.
Asko dira euskalgintzan estrategia berrikusi beharra dagoela dioten ahotsak. Eta ados nago. Zein izan behar da jarraitu beharreko estrategia? Zenbat buru, hainbat aburu. Baina gauza bat argi daukat: fikziorik ez dezagun eraiki. Ezin dugu euskara hutsez bizi den herriaren gisan jokatu, euskara hegemonizatzeko bidea oztopatu besterik ez baitu egiten.
Arnasguneen defentsa eta indartzea da azkenaldian sustatzen ari den estrategietako bat. Euskaldunen espazio «liberatuak» sortzeaz gain, erakundeek ere egin lezakete bidea horretan. Gipuzkoan egin dira urratsak eta berehala etorri da Urquijoren erantzun negargarria. Estatuen menpe jarraituta euskarak etorkizun handirik ez duen froga. Baina kontuz! Sarri pentsatzen dut estrategia horren ondorioa ez ote den gure baitan ixtea, arriskuetako bat behintzat bada. Erresistentziak dagoena eustea dakar, baina irabazteko beste zerbait behar da. Zabaltzeko gaitasuna izatea, hesiak gainditzekoa.
Euskal Bidearen proposamenak kezka eta eztabaida sortu du. Orain arteko eskemetatik pentsatuta kontraesana nabaria baita: euskara eta hegemoniaren arteko gatazka. Kezka nagusietako bat da euskara gehiengoak artikulatzeko oztopoa delako ustea zabaltzen ari dela. Eta hor erronka. Euskara zerbait partikular eta azken mohikano egiten gaituen ezaugarri gisa erakutsi beharrean, balio unibertsalekin lotzea.
Azken urteetan hizkuntza eskubideen inguruan artikulatu da euskalgintzaren borroka eta horrek borrokaren erakundetzea ekarri du. Politikatik kudeatu da gaia, erruak seinalatuz. Erakundeek kontuz ibili beharko dute. Gipuzkoan hizkuntza politikan egin daitezkeen urratsak edo gainontzeko lurraldeetan egin daitezkeenak ezin baitira berdinak izan.
Mito asko albo batera utzi beharko dira, euskararen herria eraikiko badugu. Guztien eskubideak onartuko dituen herria izango dela ere onartzen hasi beharko dugu, horrek inplikatzen duenarekin. Korrika badator; euskalgintzak gauzak ongi egiten dakienaren adibide nabarmena, gehiengoak batuz. Miraririk ez dago. Baina gaiaz eztabaidatu beharra bai, Euskal Bidea denon bidea izango bada.

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
