Jon LEUNDA
Aizkora | Apustua

Arria eta Otaegi ikuskizuna emateko prest daude

Errezildarrak eta zizurkildarrak etzi eguerdian neurtuko dituzte indarrak Tolosako zezen-plazan.

Eguna iristear dago; izan ere, etzi, 12.00etan, Tolosako zezen-plazan neurtuko dira Arria V.a eta Joseba Otaegi. Hogeina kana-erdiko ebaki beharko dituzte, eta plazara erdi bana eramango dituzte. 12.000 euro izango dira jokoan.

Bi aizkolariak prest eta ongi daudela aitortu dute. «Oso ongi nago. Senosiainen aurka jokatu eta gero, izan nuen bolada txar bat. Gerritik gaizki amaitu nuen, eta kosta zitzaidan osatzea. Gero bakarrik ibili naiz asko eta nabaritu da. Apustu honetarako oso ongi prestatu naiz», adierazi du Otaegik.

«Oso gustura aritu naiz entrenamenduetan, eta lan oso ona egiteko prest nagoela uste dut», erantsi du Arriak. Errezildarrak kolpe handia jaso zuen Olasagastirekin galduta, baina hura gainditu zuela ere aitortu zuen. «Hasieran kolpe handia izan zen, baina hark hilabete bat iraun zuen. Albotik jendeak asko bultzatu ninduen, eta aurrera. Han hanka sartze bat egin genuen, eta badakigu ezin dugula ordukoa errepikatu», esan du.

Apustua ere ez dute ohiko eran egin. «Egia esan, Olasagastik eta Rekondok jokatu behar zuten apustua, eta horko irabazleari botatzeko asmoa nuen, baina euren artekoa amaitu arte ez nuen tartean sartu nahi. Bi egun aurretik, ordea, Arriak bota zuen desafioa, nire gustukoa, biok nahi genuena, eta ez genuen denbora asko galdu eztabaidan», azaldu du Otaegik.

«Hogei kana-erdiko apustu baterako lan oso polita dela uste dut, eta lana gustukoa zen biontzat. Apustuak egin aurretik eztabaidak ere ugari izaten dira, adostu ezinak ere bai, baina kasu honetan biok nahi genuena zen, eta azkar itxi genuen apustua», zehaztu du Arriak.

Neurketa estua iragarri du Joseba Otaegik. «Agian, orain arte apustuetan izan dudan kontrariorik gogorrena izango da Arria. Orain arte banekien nirea egiten banuen irabazi egingo nuela; uste horrekin joaten nintzen plazara, baina agian oraingoan hori ez da nahikoa izango. Irabazten ez badut baina neurea egiten badut, konforme geratuko naiz», esaten du.

«Ez dut Olasagastiren aurkakakoa errepikatu nahi. Nik, denek bezala, lehia irabazi egin nahi dut, baina hori lortzen ez badut, etxean egiten dudana egin nahi dut. Halere, galtzen badut, bestea ni baino gehiago delako izan dadila, eta bera zoriondu eta aurrera», dio errezildarrak.

Bi aizkolariek ez dute eskarmentu faltarik apustuetan; beraz, alde horrek ez luke eragin behar. Erakusleak ere ez dituzte nolanahikoak; Arriak aita, Arria II.a, eta Aierbe izango ditu alboan. Otaegik, berriz, apustu hau prestatzeko Iruntxiberrirengana jo du, eta horrekin garbi ikusten da ikuskizun handia izango dela. Jendea ere gogoz dago, eta zalaparta ugari dabil azken egunotan. Hala, oso eguraldi txarrik ez bada, behintzat, ikusle asko erakarriko du saioak.

Enborrak erdi bana plazaratu beharko dituzte

Otaegik eta Arriak enborrak erdi bana plazaratu beharko dituzte etzi eguerdian, eta nolakoak eramango dituzten esateko arazorik ez dute izan.

«Nik enbor onak eramateko asmoa daukat. Niretzat onena horrela dela uste dut, eta eramango ditudanak ez dira txarrak», esan du Joseba Otaegik.

«Egurrak eman beharrekoak izango dira. Ez dira Olasagastiren aurkakoan bezain gogorrak izango, baina ezta errazak ere. Hori bai, enbor garbiak dira ez dira ipurdiak», esan du Arria V.ak.

Egunak berak jarriko du bakoitza bere lekuan, baina saio eder bat ikusi nahi dute denek. J.L.

Nazioarteko sokatira ikusgai izango da Bilbon

Nazioarteko sokatira torneo bat izango da gaur Bilboko La Casilla kiroldegian, 21.00etan hasita. 640ko mailan neurtuko dira, eta bertan izango dira Ipar Irlanda, Abadiño, Murueta, Ibarra, Beti gazte, Ñapurrak eta Zuraide. Euskal Herrikoa, berriz, igandean bukatuko da.

Oraingoz diruak Arriaren aldeko joera hartu du

Apustua nahiko parean ikusten dute zaleek, baina oraingoz diruak, alde handiarekin ez baldin bada ere, Arriaren aldeko joera hartu du. Horrek ez omen dio batere axola errezildarrari, eta zizurkildarraren esanetan, berriz, dirua horrela egotea nahiago du.