Ion SALGADO

Curriculuma, ebaluazioa eta aniztasuna aztertu dituzte ikastolen jardunaldietan

Atzo amaitu ziren Ikastolen Elkartearen 22. Jardunaldi Pedagokikoak Gasteizen. «Hobeak izateko habeak» goiburuarekin konpetentzietan oinarritutako curriculuma, ebaluazioa eta aniztasunaren trataera aztertu dituzte parte hartu duten 400 irakasle eta hezitzaileek.

Curriculuma, ebaluazioa eta aniztasunaren trataera aztertu dituzte atzo arte Ikastolen 22. Jardunaldi Pedagogikoetan. «Hirurak lotuta daude elkarrekintzan, eta horregatik lotu nahi izan ditugu aurtengo jardunaldietan, batak bestera eta bigarrenak hirugarrenera garamatzalako», azaldu zuen Ikastolen Elkarteak. «Hobeak izateko habeak» izenburupeko jardunaldiok Gasteizen izan dira, eta bertan parte hartu dute EHIko curriculum arduradun Mikele Aldasoro, Malagako Unibertsitateko Angel Gomez katedraduna eta Bartzelonako Unibertsitateko Javier Onrubia katedraduna.

Aldasorok irakaslearen profila eguneratu egin behar dela azpimarratu zuen. Bere ustez, konpetentzietan oinarritutako curriculumean irakasleak berak ere konpetentzia nagusi batzuk eduki behar ditu: bitarteko didaktikoak ikasleen premietara egokitzeko konpetentzia, irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak erregulatzeko konpetentzia, konpetentzia digitala eta ikasleak beraien ikaskuntza eta lanetan inplikatzeko konpetentzia, besteak beste. Halaber, irakasleekin elkarlanean aritzeko konpetentzia defendatu zuen.

Bestetik, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzan irakasleen praktikak irauli behar direla adierazi zuen Angel Perezek. «Ikaskuntzak aro digitalean dituen ezaugarri nagusiak -norberaren zuzendaritza, ekimena, sormena, pentsamendu kritikoa, arazoak ebaztea eta auto-ebaluazioa- nekez ebalua daitezke `papera eta arkatza' baliatzen dituzten tresna merke eta masiboen bidez; esate baterako, test estandarizatuen edo kanpo-errebaliden bitartez. Aitzitik, tresna eta prozesu konplexuagoak eta malguagoak behar dituzte; esate baterako, irakasle-taldeen etengabeko behaketa, ikastunen jardun, prozesu eta produktuez ohartzeko», azaldu zuen katedradunak, ikasle guztientzako curriculum bakarra egotearen aurkako kritika eginda. «Egin behar dutena inposatuz gero, ezin izango dugu ikasleen autonomia bermatu».

Onrubiak aniztasunari buruz hitz egin zuen eta ikasketa prozesuan atzeratuta doazen ikasleak motibatu beharra dagoela ohartarazi zuen. Helburu hori lortzeko gelako lana malguagoa izatea proposatu zuen. Bere iritziz, maila anitzetako ikasleek osatutako gelak izan behar dira. Amaitzeko, Daniel Innerarity ikerlaria XXI. mendeko hizkuntzari egin beharreko galderez jardun zen.