Transmisioari bidea eman dio Aguxtin Alkhatek lehen lan luzean
«Haizeen meneko» (Elkar) da Aguxtin Alkhaten lehenengo lan luzea. Bakarlari moduan ondu ditu kantuetako letrak, baita melodiak ere, baina atzean talde bat duela gorpuztu ditu diskoan sartu dituen abestiak. Gai pertsonalak hizpide, transmisioan egin du indarra.

Ernest Alkhat idazle baxenabartarraren semea izanik, aitarekin txikitan idazten pasatako orduak eraman ditu bere kantutegira Aguxtin Alkhatek «Haizeen meneko» lehen lan luzean. Diskoaren izenburua daraman abestian mintzo da horren inguruan. Ez da hori bere letren gai nagusia, baina eremu pertsonaletik jaiotako burutapenak jarri ditu kantuan. Aitarena edo alabarena izan daitezke pasarteetako bi. Gizarte gaiak eta, oro har, kezka eragiten diotenak ere erantsi ditu zerrendara. «Alaitasunaz ez dut hainbeste abesten, badira ni baino hobeto egiten dutenak», azaldu zuen sortzaileak atzo Donostian egindako aurkezpenean. Transmisioan egin du, ordea, indar handiena. «Nire esperientziatik saiatu naiz erakusten transmisioaren garrantzia, batez ere Ipar Euskal Herrian, gure ondorengoei, gure haurrei, euskaraz irakats diezaiegun», gehitu zuen. Aitarengandik jasotakoari eman zion garrantzi berezia, «Euskal Herrian askotan transmisioak etenaldiak izan baititu».
Lehenengo lan luzea da berea, baina ez estreinakoa. 2013an «Ihes egin» sei kantuko disko laburragoa kaleratu zuen eta bere «zintzotasunak» egin zituen erakarpen lanak Anjel Valdesen belarrietara. «Pantxoa eta Peio bezalako pibote hori sostengatu dutenak jada apur bat iraganean ikusten ditugunean, pozgarria da loraldi berri baten lekuko izatea», esan zuen Elkarreko musika editoreak.
Alkhatek bakarka ondu ditu letra eta melodiak, gitarra klasikoaren laguntzaz. Horien gorpuzkera, ordea, talde baten laguntzarekin egin du. Zuzenekoetan «bibrantea, bizigarria eta hurbilekoa» dela nabarmendu zuen Valdesek.
Estilo guztietatik edaten duela aitortu zuen Alkhatek berak, baina folk tradizionala eta estilo lirikoa mantentzen ditu, Ipar Euskal Herriko musikagintzaren bideari jarrai. Taldea osatzeak lagundu dio, aitortu zuenez, bere kantuak «modernoago» egiten.
Xan Bidegain baxu-jotzaileak eman zuen taldearen ikuspuntua. «Batzuetan zaila da gitarraren melodia bat moldatzea, kantu zenbaitetan ezinezkoa, baina besteetan baxuarekin eta gitarra elektrikoarekin indar handiagoa eman diegu», esan zuen.
Hego Euskal Herrian ez dute zuzenekoetarako datarik itxi oraindik, baina mugaz bestalde hasi dira jada lehenengo hitzorduak lotzen. Bihar Donapaleun arituko dira zuzenean eta datorren ostegunean, Korrikaren hasierarekin batera, Baigorrin izango dira.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
