Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Uda bateko kronika (III)

Dokumentaleko beste une batean elkarrizketatu eta elkarrizketagileak Rouch eta Morinen lagun batzuen etxean afaltzen agertzen dira. Aljeriako gerra dute hizpide, hura gertatzen ari den momentuan bertan. Pasarte horrek ia arriskuan jarri zuen zinemagileen proiektua, garai hartan debekaturik baitzegoen koloniaren gaia publikoki eztabaidatzea. Solasaldia berez nahiko bitxia da behin eta berriro eten egiten delako, agerian utzita muntaketa lan zorrotza egin zutela Rouchek eta Morinek. Ondorioz, Aljeriaren gainean elkarrizketatuek esandakoa iradoki bai baina gaian ez du gehiegi sakontzen dokumentalak.

1960an filmatu eta urtebete geroago aurkeztu zuten Rouchek eta Morinek dokumentala, Canneseko jaialdian. Urte horretan bertan, urriaren 17an zehazki, Marcelinen bakarrizketa kokaleku izan zuen Concorde plaza berean Aljeriako gerraren kontra modu baketsuan protesta egiten ari ziren aljeriar-frantsesen kontra oldartu zen polizia, ta hainbat zauritu eta hildako eragin zituen, protestagileak Sena ibaira botata.

Erasoa baimendu zuen poliziaburua, Maurice Papon, Vichyko gobernuaren garaian gizateriaren kontrako krimenak burutu izanagatik epaitu egin 1998an. Bost hamarkada igaro behar izan dira Frantziako estatuburuak ordukoengatik barkamena eska zezan. Frantziak nazismoarekin izan zuen harremana onar zezan ere denbora dezente igaro behar izan da. Eta, hala eta guztiz ere, dezente dago argitzeko oraindik atzoko eta gaurko estatu krimenen inguruan.

Gero esango digute zentsura onartezina dela, dena dela kritikagarria, intolerantzia arriskutsua dela. Akaso izango da ezin hobeto dakitelako beraiek, zentsuran maisuak.