GARA BURLATA

Nafarroako Txapelketako azken finalaurrekoa jokatuko da gaur Burlatan

Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa jokatuko da gaur Burlatako kultur etxean, 17:30etik aurrera. Hirugarren eta azken finalaurrekoa izango da gaurkoa, eta, hartara, erabakita geratuko da Elizondon martxoaren 28an jokatuko den finalean izango diren zortzi bertsolarien zerrenda.

Sei lagun igoko dira oholtza gainera: Eneko Lazkoz etxarriarra -Lakuntzako final laurdenetako saioa irabazita zuzenean sailkatua-; Oskar Estanga gaintzarra; Oier Lakuntza eta Saioa Alkaiza iruindarrak; Migel Mari Elosegi Luze leitzarra -finalista izandakoa-; eta Aritz Saragueta beteluarra. Aurkezle lanetan, berriz, Maider Ansa arituko da.

Saioko irabazleak finalerako sailkapen zuzena eskuratuko du, eta, harekin batera, zortzi finalisten izenak ere erabakita geratuko dira; finalaurreko bakoitzeko irabazleak eta bost puntuaziorik onenak eskuratzen dituzten bertsolariak arituko dira Elizondoko finalean. Momentuz, Julio Soto eta Xabier Terreros dira finalerako txartela ziurtatuta duten bertsolari bakarrak, Berriozar eta Lesakako finalaurrekoak irabazi baitzituzten hurrenez hurren.

Saiorako sarreraren prezioa hamar eurokoa izango da; sei eurokoa Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat. Sarrerak aldez aurretik Burlatako Ostarte tabernan eskura daitezke edo www.bertsosarrerak.eus web orrialdean. Burlatako kultur etxeko leihatila, aldiz, 16:00etan zabalduko da.

Aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa inoizko parte hartzaileena izan da. 33 lagunek eman zuten izena aurtengo ediziorako eta lehen aldiz kanporaketa bat jokatu behar izan zen abenduan, Iruñean egindako saio batean. Finalerako txartela, baina, soilik zortzi bertsolarirentzat izango da eta gaur azken galbahea pasata erabakiko da behin betiko zerrenda.