Zaborrik gabeko «aro berria» aldarrikatu dute eragile desberdinek Usurbilen
Gizarteko arlo guztietako ordezkariak bildu ziren atzo Usurbilen zaborrik eta errauskailurik gabeko Euskal Herria babesten dutela adierazteko. Orain arteko bilakaera ordu erdiko bideo batean jaso dute.

Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkarteak agerraldi jendetsua egin zuen atzo Usurbilen, atez ateko bilketa sistema ezarri zuen lehenengo euskal udalerrian, zaborrik gabeko «aro berria» hasi dela aldarrikatzeko.
Ahalik eta hondakin gehien birziklatzearen alde eta errauskailuaren kontra gizarteko eragile asko daudela erakusteko, ekitaldira ordezkari ugari gonbidatu eta familia argazkia atera zuten. Adierazgarri bezala uztaiak erabili zituzten: alde batetik, zero zenbakiaren itxura dauka uztaiak, eta, bestetik, hondakinak birziklatzean osatzen den egitura zirkularra irudikatzen du. Haiek guztiak harremanetan jarri eta zaborrik gabeko Euskal Herri baten bidean aurrera egiteko deia luzatu zien Zero Zaborrek. Hala, eragile sozial eta politikoetako, erakundeetako -Gipuzkoako Foru Aldundia, mankomunitateak, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa, udalak...-, enpresa eta unibertsitateetako eta herritarren ordezkariak bertaratu ziren. Sindikatuek ere bat egin zuten deialdiarekin, nahiz eta ezin izan zuten ordezkaririk bidali.
«Materialak barra-barra kontsumitu, eta, gero, alferrik galtzen utzi ditugu hamarkadotan. Natur baliabideak ustiatu, produktuak kontsumitu eta zabor bihurtu, behin eta berriz errepikatzen den mugimendu jasangaitza nagusi izan da gurean», gogoratu zuen Usurbilen Ainhoa Arrozpide Zero Zabor ekimeneko bozeramaileak.
«Aro zaharrean» hondakinak baliabide bezala ikusi beharrean, arazo bihurtu zituen gizarteak. «Arazoarekin zer egin asmatu nahian aritu gara, arazoa nola saihestu aztertu beharrean», aipatu zuen Arrozpidek. Hondakina baliabide izateko birziklapena nagusitu behar da, eta gero eta herri gehiago ematen ari diren pausoei esker, helburu hori lortzen ari da.
Azken urteetan eman diren aldaketak azaltzeko ordu erdiko bideo bat jarri zuten. Zubietako obrak gelditu zituzten unean amaitzen da prestatutako lana. «Zorionez, hondakinen kudeaketaren inguruko eztabaidak dagokion lekua hartu du jendartean», amaitu zuen Arrozpidek ordezkariak taula gainera deitzen hasi aurretik.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
