Besteen hezurrak
Hezur pusketa batzuk baino ez dituzte topatu eta, jakina, DNA proba egitea ezinekoa da horrelakorik existitzen ez zelako duela mende batzuk. Dena den, prozesuan parte hartu duen forentse taldeak zalantzarik ez du Miguel de Cervantes Saavedrarenak direla moja komentu batean, «On Kixote»-ren egilea hilobiratu zuten tokian bertan, aurkitutako aztarnak. Lau urte behar izan ditu Madrilgo Udalak lanak aurrera eramateko finantzaketa topatzeko, eta orain, bila zebiltzana aurkitu dutela, idazlea nola omendu erabaki nahian dabiltza. Ehorzlekua publikoari zabaltzea da indar handien duen aukera; apirilaren 22an Cervantes hil zela 400 urte beteko dira eta ordurako dena martxan izatea primeran legoke.
Besteen hezurrekiko fanatismoa, batez ere beste horiek nolabaiteko ospea dutenean, ez da kontu berria, baina kosta egiten zait ulertzea. Cervantesen gaineko albisteak Avilako Santa Teresaren beso ustelezina gogorarazi dit, Franco obsesionatuta zeukan hura, bere bizilekuko kaperara eramanarazi zuena gertu izatearren. (Norbaiti entzuna diot AEBetara egindako bidaia batean aduanakoek alaba gelditu egin zutela beso ustelezina gainean zeramala, ezinezkoa baitzitzaion hura etxean uztea, baina ez dakit egia den). Burura etorri zait ere Sarah «Saartjie» Baartman, bizirik zela Europako hainbat hiritan erakusgai egondako emakume afrikarra; hildakoan disekzionatu eta bere gorpuzkiak 1990eko hamarkadara arte Parisko Musee de l'Homme-n ikusgai izan zituzten. Mendebaldeko hainbat historia- eta zientzia-museotan, historia eta zientziaren izenean, dauden gorpuekin ere oroitu naiz. Haiek ere omenduta sentitzen dira?

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
