Jon LEUNDA
PILOTA | Berezkoen Binakako Txapelketa

Intxauspek ordezkatuko du Waltari

Kubakoa ez da osatu eta lapurtarrarekin egin beharko du aurrera Ximun Lanbertek. Gaur Biellen eta Ezkurraren aurka jokatuko dute.

Berezkoen Binakako Txapelketa bere une garrantzitsuenean sartzear da. Gaur eta bihar bi jardunaldi izango dira, eta Maulek eta Irisarrik hartuko dituzte norgehiagokak.

Gaur, 16.00etan hasiko da Mauleko Glaria trinketean jaialdia, eta Agusti Waltari ez da bertan izango. Pasa den astean min hartu zuen, urtebete osatzen eman duen leku berean, eta ikusiko da berriro jokatzeko moduan den ala ez.

Hasteko, Bigarren Mailan ari zen Intxauspek ordezkatuko du, eta Ximun Lanbertekin oso norgehiagoka zaila izango du. Bi partida galdu dituzte, eta tanteoa ere kaskarra dute. Ondorioz gaurkoa irabazi besterik ez daukate, bestela finalerdietan sartzeko aukerak asko murriztuko zaizkio aipaturiko bikoteari.

Biellen eta Ezkurraren aurka jokatzen dute gaurko norgehiagoka. Hauek ere partida irabazi beharra daukate finalerditan sartzeko. Beraz, bientzako izango da partida oso garrantzitsua, eta huts egiten duenak ez du aurrera egiten lan erraza izango.

Paxkal Ezkurrak izan behar du ezberdintasunak markatu behar dituena. Ez dauka lehen zuen freskotasun hura, baina maila handi horrekin jarraitzen du, eta oraindik pilotan erraz egiten du Urruñakoak.

Aurretik Bigarren Mailakoa jokatuko da. Agirrek eta Lazkanok Monzeren eta Amuleten aurka jokatuko dute. Partida honetarako aurreneko bikotea agertzen da faborito.

Irisarrira

Irisarri da aurtengo Txapelketako berrikuntza handienetakoa, ez baita trinket honetan partidarik jokatzen profesionalen mailan, baina leku berrian bihar ikusgai izango dira bi norgehiagoka. Hor ere jaialdia 16.00etan hasiko da.

Maila nagusikoan, Etxeberri eta Ducassou Laurent Lanberten eta Harizmendiren aurka arituko dira. Etxeberri eta Ducassou jadanik finalerdietan daude, jokatutako hiru partidak irabazita baitaude, eta lehen fase honetako azkeneko norgehiagoka izango da eurentzat. Hala ere, ez dute hutsik egin nahi, gaur irabazita lehen postua seguru izango baitute amaieran, eta finalerdietan laugarrenen aurka jokatu beharko dute; horixe da euren helburua. Lanbertek eta Harizmendik ere behar dituzte puntuak. Kanpoan geratzeko aukerak erabat baztertu nahi dituzte.

Bigarren Mailakoan, Elgart eta Bonebeltxe Goikoetxearen eta Palomesen aurka neurtuko dira. Aurrenekoak dira faboritoak.