Behatokiak eskubide urraketa «bat bera pasatzen ez uzteko» eskatu du
Euskararen Telefonoak deiak jasotzen jarraitzen du, euskaldunon hizkuntza eskubideak urratzen jarraitzen diren seinale. Iaz ia mila lagunek jo zuten Behatokiak eskaintzen duen zerbitzura, eta aipatu erakundeak, ohi bezala, txosten batean bildu ditu horiek guztiak. Herritarrei «ahalduntzeko» eskatu zien atzo Garbiñe Petriati zuzendariak.

Garbiñe Petriati Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak “Hizkuntza eskubideen egoera Euskal Herrian 2014” txostena aurkeztu zuen atzo, Bilbon –dokumentua www.behatokia.eus webgunean ikus daiteke–. Bertan, urtero legez, Euskal Herrian hizkuntza eskubideen bermeaz arduratzen den erakundeak herritarren aldetik jasotako kexen bilduma egin du. Txostenak dioenez, euskaraz bizitzeko trabek bere horretan jarraitzen dute. 936 kexa eta 21 kontsulta izan zituen iaz Behatokiak. Gehienak erakunde publikoei zegozkienak izan ziren. Aldaketa handirik ez, alde horretatik, nahiz eta Petriatik nabarmendu zuen herritarren bultzadari esker egoera aldatzea posible dela.
Erabakitasun handiagoa
Izan ere, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren aburuz, herritarrek Euskararen Telefonoaren bidez helarazitako gertaerek agerian jartzen dute gero eta gehiago direla euskaraz bizi nahi duten lagunak eta gero eta erabakitasun handiagoarekin ekiten diotela euren nahi hori errealitate bihurtzeko jardunari. Errealitateak, aldiz, ez die hori ahalbidetzen, datuek agerian uzten dutenez. «Urraketek herritarrari bazterketa, nahigabea, amorrua, inpotentzia… sentimendu ugari sentiarazten diote», azaldu zuen zuzendariak iaz jazo eta jasotako hainbat gertaeren berri eman aurretik.
Petriatik, 2014an Euskararen Telefonoaren bitartez bildutako bizipenak aintzat hartuta, adierazi zuen «herritarra oztopoei aurre egiteko prest» dagoela eta, gainera, saiatzen dela «konponbidea bilatzen, egoera hori hobetzeko zerbait egiten». «Horretarako laguntza eta elkartasuna eskatu eta bilatzen ditu, eta hala jotzen du Behatokira. Elkarlanean aldaketa eragin dezakegula ikusi ahal izan dugu», nabarmendu zuen alde horretatik.
Aipatu zuen, halaber, «euskaltzale aktiboa» indartzen ari dela, eta azpimarratu zuen «ahalduntzea errealitate bat» dela. «Egoera aldatzea lortzen da eta argi dugu aldaketa txiki askoren ondorio izango dela aldaketa handia», gaineratu zuen, norbanakoen lanak duen garrantzia adierazteko.
Eskubide urraketak eta horien eraginez urtero-urtero izaten diren salaketak testuinguru orokor baten baitan gertatzen direla gogora ekarri zuen Behatokiko ordezkariak. Hala, esan zuen «urtez urte errepikatu dugun gauza bera» esan beharrean daudela aurten ere, hain zuzen «Euskal Herriko eremu administratibo guztietan, estatu administrazioan, administrazio autonomikoetan eta toki administrazioetan, arlo publikoan zein sektore sozioekonomikoan» gertatzen direla urraketak.
Petriatik adierazi zuen egoera horiek ez direla «bere horretan sortzen»; alegia, hizkuntza eskubideen urraketa horien atzean erantzuleak daudela, eta horien jarrera kritikatu zuen bere hizketaldian Behatokiko zuzendariak. «Erantzukizunak dituzten pertsonak eta arduradunak, maiz, uzkur dira urraketa egoeren aurrean», deitoratu zuen, gaineratuz aipatu arduradunek «hainbatetan utzikeriaz jokatzen» dutela esparru honetan. «Kritikagarria da agintariek euskaraz bizi nahi hori bermatzeko behar besteko ahalegina ez egitea», salatu zuen.
Konplizitatea, ezinbestekoa
Prentsaren aurreko agerraldian, Behatokiko zuzendariak elkarlanerako deia zabaldu zuen, eta aipatu zuen euskaraz bizi ahal izateko ezinbestekoa dela «herritarren eta erakundeen konplizitatea». «Izan ere –gaineratu zuen–, helburu hori erdiesteko beharrezkoa da bakoitzak dagokion mailan eta dagokion esparruan bere ekarpena egitea». Eta, ildo berean, Petriatik herritarrei abiatutako bidetik jarraitzera eta bide hori indar handiagoz egitera dei egin zien: «Herritarren presioa areagotu behar da. Ahaldundu, ez utzi pasatzen bat bera ere».
Gaizka Garitanoren jarrera, ahalduntzearen isla
Behatokiaren txosten mardulak hitzaurre bat dauka zeinean, besteren artean, Gaizka Garitano Eibarren entrenatzaileak –entrenatzaile ohia esan beharko da...– Almerian izandako ika-mika aipatzen den, bertako futbol taldearen prentsa aretoan bere hizkuntza eskubideak defendatzeagatik sortutako «zurrunbiloa» gogora ekarrita. Garitanori Almeriako zenbait kazetari oldartu zitzaizkion prentsaurreko lehen adierazpenak euskaraz egiteagatik, eta entrenatzaileak mahaitik altxatu eta alde egin zuen erantzun gisa. Askorentzat, bere jarrera «ahalduntzearen isla izan zela» nabarmentzen du Behatokiak, finean entrenatzaile euskaldunak «bere botere eremua baliatu» zuelako «euskaraz bizi nahi duela aldarrikatzeko».
Ildo horretan, Behatokiak dio 2014ko txostenak Garitanok bezala «euskaraz bizitzeko nahiari irmoki eutsi dioten ehunka herritarren testigantzak» jasotzen dituela. Izan ere, bere aburuz, «hizkuntza eskubideez edo eskubideen egoeraz hitz egin behar badugu, herritarrak dira horretarako bozeramaile egokienak». GARA

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
