Asier AIESTARAN
PILOTA

Nafarroako Lau eta Erdikoa Altsasun abiatuko da

Jaunarena eta Ezkurdia neurtuko dira Burunda pilotalekuan, eta irabazleak Retegiren kontra jokatuko du.

Lau eta Erdiko San Fermin Torneoa gaur gauean hasiko da Altsasuko Burunda pilotalekuan, Aspe enpresaren adarreko lehen kanporaketarekin. Zehazki, Jon Jaunarena eta Joseba Ezkurdia izango dira aurreneko neurketan parte hartuko duten bi pilotariak. Jaialdia 22.00etan hasiko da (ETB1) eta kaiolakoa bigarren norgehiagoka izango da.

Gaurko dema iazko ekitaldian jokatu zen finalerdiaren errepikapena izango da. Orduko hartan, Ezkurdiak 22-18 menderatu zuen leitzarra eta San Fermin egunean jokatzen den finalerako sailkapena lortu zuen –Aimar Olaizolaren aurka 22-11 galdu zuena–. Alde horretatik, deigarria da Ezkurdia aurreneko kanporaketan sartu izana, Julen Retegiren aurretik –gaurko irabazleak eratsundarraren kontra jokatu beharko du, eta Martinez de Irujo izango da azken oztopoa final handiaren aurretik–.

Aipatutako aurrekari horiek guztiak eskuan hartuta, eta Jaunarena azken Lau eta Erdiko Txapelketan aurreneko kanporaketa gainditu ezinda gelditu zela jakinda, Ezkurdia irtengo da gaur ere faborito. Hala ere, arbizuarrak argi ibili beharko du, Jaunarenak Buruz Buruko Txapelketan maila polita erakutsi berri duelako: Artola 7 tantoan utzi zuen eta Beroiz 10ean –egia da bera ere 5ean geratu zela gero Urrutikoetxearen aurkako final-laurdenean–.

Ezkurdiari dagokionez, bere azken neurketa aurreko igandean jokatu zuen Eibarren, eta ez zuen oso irudi ona eman. Pattal samar aritu zen Barriolarekin batera, 22-12 galdu zuen Altuna III.a eta Rezustaren kontra. Pauso bat aurrera eman beharko du gaur lehia irabazi nahi badu.

Asegarce, Zumaian

Asegarceko pilotari eta teknikariek Zumaiako Zelai Talasoterapian egingo dute urteroko kontzentrazioa. Astelehen arratsean iritsiko dira eta ostegun eguerdira arte egongo dira hainbat hitzaldi eta ekintza burutzeko. Elastiko berriaren aurkezpena astearte eguerdian egingo dute, eta asteazken arratsean herriko umeekin jokatuko dute.