Lopez Garai:«Futboletik bizitzeko etxetik joateko prest egon behar duzu»
Aritz Lopez Garairen hamabigarren taldea da Bigarren B Mailako Reus. 35 urteko bizkaitar futbolari honek eskarmentu handia dauka, baita Lehen Mailan ere, Espainiako, Errumaniako eta Zipreko mailarik gorenetan aritu baita. Orain, Tarragonakoekin Bigarren Mailara igo nahi du.

Lopez Garairentzat azkeneko urtea mugitua izan da, urtebetean laugarren taldea baitu Reus taldea. 35 urte bete zituen azaroan, eta egun dagoen euskal futbolaririk beteranoenetakoa da bera, eta dudarik gabe, talderik gehien pasatu dituenetako bat ere bai. Oraindik sasoiko dago, eta Reus taldearekin denboraldi honetan Bigarren Mailara igotzea amesten du.
Indartsu taldean hasi zen jokatzen, eta handik joan zen Athleticera, nahiz eta ez zen lehen taldera iritsi. Bigarren taldea utzi eta bidaiatzeari ekin zion, baina aurrez Gernikan urte bat egin zuen. Gero, Conquense, Salamanca, Castello, Celta, Cordoba –bi etapa ezberdinetan–, Sporting de Gijon, Errumaniako FC Rapid Bucuresti eta Zipreko Doxa Katokopias izan dira Reusera iritsi aurreko bere taldeak.
Aurtengo denboraldia Doxa Katokopiasen abiatu zuen, Zipreko Lehen Mailan, baina urtarrilean Reusekin fitxatu du. Horren arrazoiak ere garbi azaldu ditu jokalari bizkaitarrak: «Ni han oso gustura nengoen. Zipreko Lehen Maila jokatzeko polita da. Bizitzeko lekua ere bai, ni eta nire familia pozik geunden, baina abenduan presidenteak esan zigun arazoak izango zituela agindutakoa ordaintzeko. Beraz, abenduan kobratzeko arazoekin bageunden, ez nuen pentsatu nahi ere egin ekainera arte zer izango zen, eta joatea erabaki nuen. Reusen eskaintza jaso nuen, eta etorri egin gara. Nire emaztea Castellokoa da, eta etxetik nahiko gertu zegoen talde bat zen Reus, eta proiektua ere polita zenez, etortzea erabaki genuen».
Zipreko Lehen Mailan, bi zati daudela onartzen du, gainerako liga askotan bezalaxe. «Han, badaude alde batetik lau edo bost talde, Liga irabazteko aukerak dituztenak eta Europan sartzeko dabiltzanak, eta bestetik, gainerako denak. Goiko taldeak oso ongi daude, ez daukate diru arazorik, baina gainerakoek bai», dio.
Aritzentzat, azkeneko urtea mugitua izaten ari da, urtebetean laugarren taldea baitu Reus. 2014-2015 denboraldia Cordoban hasi zuen, Espainiako Lehen Mailan, baina abenduan Errumaniara joan zen: «Cordobak urte asko eman zituen Lehen Mailan jokatu gabe, eta zorionez 2014ko ekainean Las Palmasen lortu genuen igotzea. Handia izan zen hura; gero, ordea, Lehen Mailan ez ziren gauzak ongi joan. Uste dut hasieratik okertu zirela gauzak. Abenduan Errumaniara joateko aukera etorri zitzaidan, eta baliatu egin nuen».
Bukaresten pertsonalki gauzak ongi joan zitzaizkion, nahiz eta talde bezala agian helburua bete ez. Han bizitakoa ez du ahazten, ongi egon baitzen: «Bukarest bizitzeko leku ederra da. Bai ni eta bai nire familia oso ongi egon ginen. Bukaresteko Rapid talde garrantzitsua da Errumanian, baina ez zebilen ongi. Abenduan jokalari berri asko joan ginen, eta denbora falta izan zitzaigun. Hala ere, denboraldi erdi aberasgarria izan zen niretzat. Han futbola ikaragarri bizitzen dute, oso jarraitzaile sutsuak dira. Pentsa, Bukaresten hiru talde geunden Lehen Mailan, eta derbiak ikaragarriak dira. Steauaren aurka bere zelaian jokatu genuena ez zait sekula ahaztuko. Haiek aurrena zeuden, eta gu azkena, baina 0-1 irabazi genuen. Maila polita da jokatzeko».
Zipreko bizipenak etorri ziren ondoren, eta haiek pasatu ostean, orain Katalunian dago Reusen, eta han ere oso gustura dago. «Aurreneko helburua Bigarren Mailarako igoera fasea jokatzea da. Jokalari berri batzuk etorri gara, eta taldea ongi dago. Proiektu oso ona dago hemen, eta zaleak ilusio handiarekin daude. Oraingoz bigarren gaude, Villarreal B taldearen atzetik. Lehenengo geratuta beti aukera gehiago izaten dira Bigarren Mailara igotzeko, eta horretan saiatu behar dugu. Ni ere ilusio handiarekin nago», esan du bizkaitarrak.
Atzera begira jarrita, egindakoarekin gustura dago, nahiz eta onartzen duen, Athleticen lehen taldearekin jokatu ez izanak pena apur bat ematen diola: «Bizkaitarrontzat handia da Athleticen lehen taldearekin jokatzea. Garai hartan, ordea, zaila zegoen nire postuko batentzat Lehen Mailan jokatzea. Bi edo hiru aldiz estreinatzetik gertu egon nintzen, baina ez zen posible izan. Azkenean, aurrera egin behar da, eta beste leku batzuetan jokatu behar izan dut, baina egindakoarekin gustura nago. Uste dut futbolari esker leku asko ezagutu ditudala, baita jende asko ere. Talde on askotan aritu naiz, eta ez nago kexatzeko moduan».
Aldaketa
Aritzen esanetan, azkeneko hamarkada honetan ikaragarri aldatu omen da futbola. «Azkeneko hamar edo hamabost urte hauetan futbolak aldaketa handia izan du. Nire hasieretan gazte batentzat Lehen Mailan jokatzea oso zaila zen. Taldeek diru asko zeukaten eta jokalari oso onak fitxatzen zituzten. Orain, ordea, ez dago horrenbeste diru, eta gazteek askoz ere aukera gehiago dituzte», gaineratu du.
Diru aldetik ere aldaketa handiak nabaritu ditu. «Orain dela urte batzuk Bigarren B Mailan ere talde askok dirua zeukaten, ongi ordaintzen zuten, baina hori orain aldatu egin da. Pentsa, Lehen Mailako taldeek arazoak badituzte, Bigarren B Mailakoek zer izango duten. Alde horretatik ere aldaketa handia gertatu da. Nik uste dut futbolaren egoera orain dela hamar urte eta orain oso ezberdina dela», adierazi du.
Hala ere, gazteei etxetik kanpora joateko ez beldurrik izateko esaten die bizkaitarrak, aukerak dituztenean, baliatzeko. «Futbolean hasten garen guztiok nahi dugu hortik atera bizimodua eta etxe ondoko talde batean, baina hori oso zaila da bai lehen eta bai orain ere. Une honetan Lehen eta Bigarren mailen artean bost euskal talde besterik ez dauzkagu, Athletic, Real Sociedad, Eibar, Osasuna eta Alaves. Beraz, garbi dago horietan denontzat ez dagoela lekurik. Arriskuak hartzeko ere garairik onena gaztetan izaten da, eta atzerriko ligak ere erakargarriak dira. Ez da beldurrik izan behar, beti aurrera egin behar da. Futbolaria izan nahi duenak garbi eduki behar du segur aski etxetik kanpo aritu beharko duela, eta agian urte mordo bat pasatu beharko duela etxetik aparte. Hori garbi izan behar da, bestela zaila izango da futboletik bizitzea. Etxe inguruko talde batean bizitza guztia emateko aukera baduzu, primeran, baina bestela hor ez da amaitzen futbola, talde asko daude munduan zehar, eta hori hasieratik izan behar du garbi futboletik bizi nahi duenak», esan du Aritz Lopez Garaik.
Bizkaitarrak igoerak eta jaitsierak denetik bizi izan ditu bere kirol bizitzan, baina aurtengo denboraldiaren amaieran Reus taldearekin Bigarren Mailarako igoera ospatu nahiko luke. Horretarako ari da jo eta su lanean, eta horretan laguntzeko eraman du Tarragonako taldeak.

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
