Ion SALGADO
GASTEIZ

Sinadura bilketa, unibertsitatean ikas baldintza duinagoak aldarrikatuz

Jaikialdiko kideek bost eskaera egingo dizkiote Gasteizko campuseko errektoreordeari: Irakasgai guztiak euskaraz ikasteko aukera bermatua izatea, eraso sexisten aurrean GUETek sortu duen protokoloarekin bat egitea, Espainiako kartzeletan dauden euskal presoei EHUn ikasteko eskaintza bermatzea eta EU2015 eta 3+2 programak ez aplikatzea.

Jaikialdiak –Euskara Taldeak, Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak (GUET), Ikasle Abertzaleak eta Haraba!-k sortutako ekimena– espainiar Estatuko kartzeletan dauden euskal presoei EHUn ikasteko eskaintza bermatzeko eta horren aldeko jarrera hartzeko eskatu dio Arabako campuseko errektore-ordeari. Halaber, EU2015 eta 3+2 programen aurka agertzeko eta horiek campusean ez aplikatzeko exijitu dio, eta irakasgai guztiak –hautazkoak barne– euskaraz ikasteko aukera bermatzeko. Azkenik, unibertsitate jasangarria izatea eta eraso sexisten aurrean GUETek egin duen protokoloarekin bat egiteko ere eskatu dio errektoreordeari.

Eskakizun horiek guztiak Ikas Baldintza Minimoak dinamikaren baitakoak dira, eta joan den azaroan martxan jarritako ekimen parte-hartzaile baten ondorio dira. «Bost eskaerari lehentasuna eman eta horiek lortzeko apustua egiten dugu, beti ere gure helburu nagusia sistema aldatzea dela ahaztu gabe, eta borroka hau beste elikatzeko pauso bat dela kontuan izanda. Horrez gain, jakitun gara hezkuntza sistema aldatzeko ezin garela instituzio zein hezkuntzako burokraziaren menpe egon eta beste hainbat pauso egin behar ditugula, desobedientzia, autogestioa eta aldebakartasuna tresna izanik», azaldu zuten Jaikialdiko kideek joan den asteko prentsaurrekoan.

Bertan, otsailaren 24ra artean, astearte eta ostegunetan sinadura bilketa egingo dutela iragarri zuten, «denon artean eskaera hauei zilegitasuna emateko eta Gasteizko campuseko errektoreordea estutzeko». Eta sinadura bilketa amaitutakoan, mobilizazio eguna deituko dute errektoteordeari eskaera horiek sinatzeko exijitzeko. «Beraz, komunikatu honekin Gasteizko campuseko ikasleria guztiari dei egiten diogu borroka honetara batzeko eta aipatutako mobilizazio zein firma bilketan parte hartzeko, azken finean jokoan dagoena gure ikasle nortasuna delako», nabarmendu zuten ikasleek.

«Gogoratzen dizuegu borroka hau campuseko minimoen aldekoa dela, eta era berean fakultate bakoitzean ikasleok jasaten dugun eskubide eta baldintza minimoen aferak ugariak direla. Horregatik, oso garrantzitsua ikusten dugu nor bere fakultatean batzea, antolatzea eta ikas baldintzen alde borrokatzea», gaineratu zuten udazkenean egindako inkestaren eragina azpimarratu ondoren. Izan ere, 2.000 ikasle ingururen erantzunak jaso eta 31 eskaera atera zituzten. «Eskaera hauek ikastetxe batek ikasleei eskaini beharreko minimoak dira, hau da, gaur egungo hezkuntza sistemak bermatu beharko lituzkeenak. Baina enpresa pribatuen interesei erantzuten dien hezkuntza sistema honi ez zaio hori interesatzen», deitoratu zuten.