Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Euskal justizialdia

H imalaia mendikateak bere izena galdu, ez bere izana, eta mendebaleranzko jarraipenak, zortzimilako batzuk tartean, beste izen bat hartzen duen herrialdean hiru aste egin ostean, etxean bueltan izan eta mahai gainean ordenan metatutako prentsari begirada arina emanda zalantza sartu zait: hemengo etxean nago ala hango urrun hartan segitzen dut? Justizia ei den horren gaineko berriez ari naiz; hori berria bada!

Horra iazko urriaren 1eko Kataluniakoa, kasurako! Lagunei zuzendutako zigor eskeek Asiako aginterri batzuen justizia antzekoa ekarri didate gogora, prêt-à-porter-ekoa dena; eta ez naiz ari arropaz prezisamente, togadun askoren togak botagale uzten banau ere, usaindu hutsarekin batera. Sudurzuloak askatu!

Horra “Bateragune” zaharreko berria ere. Kanpotik dator notizia, justizia zer horretan azken boladan handik datoz eta! Ez dakit latitude kontua den, baina zenbat eta gorago freskotasun gehiago igartzen da epaietan; Siberiako haizea ote? Mediterraneo gaixoa hain da bero non bere bazterreko lehorrean ere epaile askoren usteak ustel, entzefalograma planoan.

Tira, “Bateragune” harira! Epaiketa hartako epaimahaian jesarri ziren batzuk epaitu behar zutena epaitzeko gai ez zirela esan da orain. Hortaz, gaizki egin zutela han togaz jesartzen. Gaizkileak zirela, edo. Gaizkileek administratzen badute justizia zeinek epaituko ditu gaizkileak? Amen. Epaiketa inpartziala izan zela diote orain; partziala beraz, partekoa, zatikoa. Baina nago ni hor behean justizia esaten duten zer horrek ez bakarrik mahaiekin arazoa izan, bankuekin ere izan badu! Begira bestela hipoteken epai hori!

Total, justizia itsua sarri, gomazko pilotak bezala. Fiskal batzuk paradisuetan bizi diren seinale. Ministerio fiskala baino fiskalen misterioa. Noizko euskal justizialdia, ahobizi eta belarriprestekin?