11/11/2018

Hildakoen gainean elurra mara-mara
Arantzazu FERNANDEZ

Dublindarrak” (James Joyce) liburuko “Hildakoak” errelatoaren egokitzapena dugu Ados konpainiaren ekarpena. Dublinen gaude, Errege gauean Morkan izeneko zahar etxean, duela 30 urtetik antolatzen duten familia afariaren zain. Giro abegitsuan baina edukazio burgesenaren menpe; deseroso suerta daitekeen edozein gai zein talka ideologikoak ezkutatu egiten dira giro baketsua lortzearren. Kanpoan elurra ari du mara-mara, baina, ikusleak, Xabier Lozanoren argiztapenari esker, etxe barruko epeltasuna sentitzen du. Dena den, Irlanda zaharraren isla diren izebak babestu nahi dituzten arren, senide eta gonbidatuak ez dira isiltzen, eta, horrela, Irlandaren identitate politikoa, alkoholismoa, sufragismoa, erlijioa eta hizkuntzaren auzia bezalako mintzagai arantzatsuak azaleratzen dira Morkan familiaren altzoan. Eszenografiak ez du gaurkotu Joycek idatzitakoa; tankera naturalistara zein estetika dotorera lerratuta, 1987ko John Housten filmaren jantziak eta manerak gogora ekartzen dizkigu Adosen antzezlanak. Goi mailako muntaketa honetan, lehen aipaturiko argiztapenarekin eta musikaren erabilerarekin batera, errezelen bitarteko espazio eszenikoren antolamendua goraipatu behar dugu: hondoko gortina urdinaren indarra, chandelier-en aukera, trantsizioetako proiekzioen kalitatea eta, bereziki, afariaren eszenaren tratamendu eszenografikoa. Azken hori antzerkizaleen gogoan iltzatuta geratuko delakoan nago. Hori eta baita aktoreen antzezpena ere. Ez galdu!