GARA
DONOSTIA

Adegik Gipuzkoako «industriaren geldialdiaz» ohartarazi du

Adegi Gipuzkoako Enpresen Elkarteak adierazi du industria sektoreak bizi duen geldialdiak herrialdeko ekonomiaren aurrerapena oztopatzen duela. Enplegu sorrera moteldu egin da iaztik; 2024ko urtarrilean %2,6koa izatetik aurtengo urtarrilean %1,2koa izatera igaro da.

Jose Miguel Ayerza, Isabel Busto eta Patxi Sasigain, atzoko aurkezpenean.
Jose Miguel Ayerza, Isabel Busto eta Patxi Sasigain, atzoko aurkezpenean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Industriaren geldialdiak Gipuzkoako ekonomiak aurrera egitea oztopatzen du. Hori ohartarazi zuen atzo Adegi Gipuzkoako Enpresen Elkarteak, barne produktu gordina aurten %2 inguruan ixteko itxaropenez: «2023ko %3,1etik eta 2024ko %2,4tik urrun, beheranzko joera argia erakutsiz».

Jose Miguel Ayerza idazkari nagusiak eta Patxi Sasigain lehiakortasuneko arduradunak lagunduta, Isabel Busto Adegiko presidenteak datu horien berri eman zuen atzo, enpresei egin dieten Koiuntura Inkestaren emaitzen aurkezpenean. Presidentearen arabera, industria-jarduerak «dezelerazio argia» izan du, urtarriletik uztailera bitartean industria-produkzioaren indizea %-0,3 murriztu baita. «Arraste negatibo» hori batez ere tarteko ondasunei (metalurgia eta produktu metalikoak barne) eta energiari zor zaie, Bustok zehaztu zuenez.

Industriaren geldialdi hori «nabarmena» dela esan zuen, batez besteko fakturazioak ez baitzuen aldaketarik izan (%0,0) aurreko hiruhilekoaren aldean. Izan ere, Adegiren presidentearen hitzetan, industriaren %1,8ko jaitsierak eraikuntzan (+%3,7) eta zerbitzuen sektorean (+%2,2) izandako hazkundeei aurre egin zien.

Kanpo-merkataritzari dagokionez, nazioarteko merkatuetara zuzendutako salmentak %1,5 jaitsi ziren. Industria-jardueraren frenoak enplegu-dinamika moteltzea dakar zuzenean. Gizarte Segurantzako afiliazio-datuek adierazten dute hazkunde-erritmoa mantsotzen ari dela 2024. urtearen hasieratik.

Enplegu-sorreraren hazkunde-tasa nabarmen jaitsi da: 2024ko urtarrilean %2,6 izatetik aurtengo urtarrilean %1,2 izatera igaro da, eta irailean %0,9 izatera, eskuragarri dagoen azken datua. «Joera horren ondorioz, oso litekeena da zerora hurbildu eta enpleguaren geldialdi-fase batean sartzea», ohartarazi zuen.

Zerbitzuen sektorea, enpleguaren %60 baino gehiago hartzen duena, indarra galtzen ari den bitartean, industriak tasa negatiboak izaten jarraitzen du urte hasieratik. Enpresa-aurreikuspenek neurri hori berresten dute; izan ere, enpresen %86k plantillei eustea edo handitzea aurreikusten badute ere, enplegu-maila %14ra jaistea aurreikusten duten enpresen kopuruak gora egin du, mailarik altuena 2022ko irailaz geroztik. Kalkuluen arabera, 2025ean 2.000 eta 3.000 soldatapeko lanpostu garbi artean sor litezke.

Eskaera-zorroari dagokionez, oro har, eskaeren maila %2 jaitsi da, eta industrian %0,9. «Galga horren funtsezko adierazlea da eskaerak handitu dituzten enpresen kopurua nabarmen jaitsi dela, %19ra, pandemiaren okerrenetik izandako emaitzarik txikienetakoa», esan zuen Bustok. Industrian, 10 enpresatik 4k (%39,5) eskaera-maila ahula izaten jarraitzen dute.