EDITORIALA

Gerraren logikan nekez lortuko da seguru egotea

Krimenaren aurrean, esku gogorra» lelopean, Bukelek El Salvadorren ezarritako eredua Latinoamerika osora ziztuan zabaltzen ari da: Txile, Bolivia, Peru, Ekuador, Honduras... Azken hauteskundeen ostean, Costa Rica ere bete-betean batu da. Armadarik gabeko herrialde horri «Erdialdeko Amerikako Suitza» deitu izan bazaio ere, Laura Fernandez presidente berriak bukelismoaren ereduan sakondu nahia agertu du. Babes zabalarekin egin ere.

«Segurtasunaren» izenean, guztiek antzeko markoa plazaratzen dute: pandilla, narkotrafikatzaile eta, oro har, «terroristak» garaituko badira, horien aurkako «gerra» egin behar da, horiek suntsitzeko «esku gogorra» erabili. Horretarako, berriz, salbuespenezko erregimen mugagabea ezarri behar da, salbuespena lege bihurtuz: poliziari eta armadari eskumenak gehitu, makrokartzelak eraiki, balizko trabak -hau da, giza eskubideen gutxieneko bermea- ekiditeko Botere Judiziala zein eragile sozialak «garbitu»... Hori dena gauzatu ahal izateko, azkenik, esku gogor hori ezarriko duen lider sendo bat eskaintzen da, Trumpen babespean -eta, noski, harekiko otzan. Zoritxarrez, erretolika hori ez da Latinoamerikara mugatzen. Gero eta oihartzun handiagoa du mundu osoan, eta zenbait euskal agintari instituzionalen diskurtsoak ere zipriztindu ditu: kartzelak eta poliziak gehitu zein gogortu; hori ei da arazoak konpontzeko modu nagusia. Behin hori ontzat jota, hori zein intentsitate eta modutan egin eztabaidatzen da.

Salatu denez, halako politikekin giza eskubideen urraketa larri, masibo eta indiskriminatuak egiten dira: adibidez, El Salvadorreko salbuespen aldian atxilotutako 482 herritar kartzelan hil ziren. Gainera, Euskal Herriak ondo ikasia duenez, horrela ez dira segurtasun eza eragiten duten erroko arazoak konpontzen. Kasurik onenean luzatu eta okerrenean okertu egiten dira. Horren aurrean, segurtasunari lotutako egonezinari erantzun egin behar zaio, noski, baina horrek ez du esan nahi trumpisten markoa besarkatu behar denik. Soluzio integral eta eraginkorrak pentsatuko badira, hasteko bestelako marko eta gramatika bat aukeratu behar da, gerraren logikan nekez lortuko baitu inork erabat seguru sentitu eta egotea.