GAUR8

Hogei arraza baino gehiagoko 140 katu izango dira ikusgai Ficoban, Nazioarteko Katu Erakusketan

Arraza ezberdinetako 140 katu ikusi ahal izango dira asteburuan Ficoban, Nazioarteko katu Erakusketaren 17. edizioan. Mundu osoko katuak bilduko ditu hitzorduak larunbatean eta igandean, eta sari ezberdinak banatuko ditu.

Erakusketako parte hartzaileetako bat, irudian.
Erakusketako parte hartzaileetako bat, irudian. (Ficoba | Europa Press)

Ficobako Nazioarteko Katu Erakusketaren 17. edizioa ospatuko da Irungo erakustazokan larunbatean eta igandean, apirilaren 6an eta 7an, eta 22 arrazatako 140 katu izango dira ikusgai bertan, Estatu frantseseko, Euskal Herriko eta Kataluniako erakusketarienak.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bengalarra (basakatuen antza izateko garatutako etxeko katuen arraza bat, etxeko katu bat eta Bengalako basakatu eme baten arteko nahasketa), katu errusiar urdina (munduko etxeko katu arraza zahar eta maitatuenetakoa) edo nebelung (etxeko katu pedigriduna, errusiar urdinarekin ahaidetua, baina ile luzeagoa eta zeta antzekoagoa daukana) arrazetako katuak izango dira.

Halaber, mau egiptoarra (Egipton sortutako etxeko katu arraza), Norvegiako basoetakoa (Eskandinaviako katu arraza endemikoa) edo Maine Coon (Ipar Amerikako arraza natural zaharrenetako bat, jatorria Maine estatuan duena) ere izango dira, besteak beste.

Sariak izango dira: nazioarteko txapelduna, nazioarteko txapeldun handia, Europako txapelduna edo Europako txapeldun handia. Epaile adituek zorrotz aztertuko dute parte hartzaile bakoitza, eta arraza eta kolore bakoitzeko animaliarik nabarmenenak hautatuko dituzte.

Erakusketa Ficobako 1. pabilioian egingo da, 10.00etatik 18.00etara bitarte, hala larunbatean nola igandean. Sarreraren prezioa 4 euro da helduentzat, eta doan 12 urte arteko haurrentzat. Gainera, bertaratzen direnek doan aparkatzeko aukera izango dute. Aurten ere azoka txiki bat egingo da, Les chamis de mamie elkarteak antolatuta, kaleko katuei elkartasuna adierazteko.