Julene Larrañaga
AHOPEKO KONTZERTUAK

Ahapeka antolatuz, entzulea etxean bezala sentiarazten duten kontzertuak

Formatu txikiko kontzertu sekretuak eta espero gabeko tokietan. Horretan datza Ahopeko  Kontzertuak egitasmoaren esentzia. Aurten Bilbon sortu den ekimen honek zuzeneko musikaz gozatzeko beste formatu bat proposatzen du: hurbilagoa, benetakoagoa… eta are gehiago, ezustekoz betea.

Alberto de la Hoz eta Jon Urrutia daude Ahopeko Kontzertuak egitasmoaren atzean. Kultura arloan aritzen diren musikazaleak dira biak ala biak eta kontzertu sekretuak antolatzen dituzte Bilbo inguruan, martxo aldera abian jarri zuten ekimen original honen bidez. «Musika bizitzeko bide berriak» probatu nahian, musika egiten eta entzuten dutenen arteko distantzia txikiagotzea eta emanaldi intimo eta gertukoagoak antolatzea bururatu zitzaien. «Musikaren bidez gertuko esperientziak bilatzea da gure helburua. Hasierako ideia leku berezi eta txikietan kontzertuak antolatzea zen, musikarien eta publikoaren arteko interakzioa bilatuz», argitu digu Urrutiak. Hala, musikaren albo banatan dauden bi protagonistak lotuz, gertuko esperientziak bizi izan dituzte azken hilabeteotan eta, emaitza politak erdietsita, aurrera begira bide beretik jarraitzeko asmoa dute.

Izenak berak ematen du pistarik ekimen honen nolakotasunaz. «Ahopeko Kontzertuak musika emanaldi bereziak dira –dio Urrutiak–, hein handi batean, sekretuak direlako, erdi ahapeka edo ezkutuan antolatzen direlako». Hala, jendeak sarrerak erosten ditu emanaldia non izango den eta bertan nork joko duen jakin gabe. Hori da, hain justu, kontzertu hauek gordetzen duten magiaren gakoetako bat, antolatzaileen esanetan: «Ezjakintasun horrek ematen dio guztiari xarma edo morbo berezi bat», gehitu du Urrutiak.

Ahopeko Kontzertuetan parte hartzeko bi aukera daude: ikusle moduan edo anfitrioi moduan. Kontzertuak egiteko lekua eskaini nahi izatera, webgunean sartu eta posta helbidera (ahopekokontzertuak@gmail.com) idatziz edo sare sozialen bidez eman daiteke izena. Kasu honetan, antolatzaileak harremanetan jarriko dira anfitrioi izango direnekin, emanaldia lotzeko. Ikusle izan nahi duenak ere e-mail berean eman beharko du izena. Behin zerrendan sartuta, kontzertu bat antolatzen duten bakoitzeko postaz jakinarazten dute antolatzaileek, kontzertua izan baino astebete lehenago, hain justu. Bertan, kontzertuaren eguna, ordua eta hiriko eremua zehazten dituzte, baina ez da jakinarazten kontzertua zehazki non izango den eta musika nork joko duen ere. Ekitaldira joan nahi izanez gero, bost euroren truke sarrera erosi eta kontzertua izan baino 24 ordu lehenago kokapen zehatza jakinarazten da. Helbidea bai, baina nork edo nortzuek joko duten, ordea, kontzertuaren egun eta orduan bertaratu arte ez da jakiten. Horixe funtzionamendua.

Atzerriko ereduak

Euskal Herritik kanpo badira Ahopeko Kontzertuen antzeko ekimenak, Urrutiak jakinarazi duenez: «Bada mundu mailan funtzionatzen duen Sofa Sound izeneko frankizia bat, Conciertos Minimos izenekoak ere sona handia bereganatu du Bartzelona eta Madrilen, esaterako… Baina bakoitzak bere erara funtzionatzen du», kontatu du. Eredu horietan inspiratuz, Bilbon antzeko zerbait egitea bururatu zitzaion bikote musikazale honi: «Hutsune bat nabaritu genuen gure inguruan eta pausoa ematea erabaki genuen. Izan ere, horrelako ekimenak behar direla uste dugu. Bilbo eta inguruetan asteburuero pila bat kontzertu izaten dira baina, noski, betiko aretoetan eta betiko formatuan denak. Ezer gutxi egiten da berritzailea», uste du Urrutiak.

Baina, arrazoi horrez gain, bestelako motiborik ere izan dute ideia berria martxan jartzeko. Hain justu, jendea musika berrietara eta musikarekin loturiko esperientzia desberdinetara «nekez» zabaltzen dela kritikatzen baitu Urrutiak: «Normalean jendeak ez du apusturik egiten talde ezezagunen alde, gehiengoa ez da arriskatzen talde berriak ezagutzera. Baina argi dago musikari ikaragarriak daudela gure inguruan, guk uste baino gertuago, gainera, eta horiek ere behar dute bultzada bat. Jendeak ez du apusturik egiten, ordea. Segurura goaz ia beti: 10-15 euro ordaintzen ditugu talde konkretu bat oholtza handi batean ikusteagatik, eta beste hainbeste garagardotan, baina hori errazena da, azken batean. Guri bioi ere musika talde eta estilo desberdinak gustatzen zaizkigu, baina erdibide bat bilatzen saiatzen gara, kalitatearen eta eskura dugun aurrekontuaren artean», agertu du Urrutiak. Oraingoz, Euskal Herriko zein kanpoko taldeak izan dira Ahopeko Kontzertuetan, Joseba Lenoir eta Napoka Hiriako lagunak, besteak beste.

Urrutiak argitu nahi izan du Ahopeko Kontzertuen helburua ez dela inondik inora ohiko moldean kontzertuak eskaintzen dituzten aretoei konpetentzia egitea: «Guk ez dugu horren aurka joan nahi, beste zerbait eskaini baizik. Ezin dugu Kafe Antzokiak eskaintzen duena eskaini, hori argi dago. Jendea musikara hurbildu dadin nahi dugu, audientzia eta musikariak elkartuz ingurune erosoak sortuz». Ildo horretan, publikoaren eta musikarien artean sortzen den harremanari egiten dio erreferentzia Urrutiak: «Emanaldiak bukatzean ikusten dugu sortzen dela harreman bat musikari eta publikoaren artean: elkar agurtzen dute, hitz egiten dute, trago bat hartzen dute elkarrekin, batzuek diskoa erosten diete… Musikaren eta publikoaren artean interakzio bat gertatzen da, areto handietan normalean gertatzen ez dena», uste du musikazale bilbotarrak. Zentzu honetan, esperientzia bat bizitzearen ideia azpimarratzen du: «Musika kontsumitzeko beste era bat proposatzen dugu. Jendea musika entzutera dator, baina baita esperientzia bat bizitzera ere. Hori oso garrantzitsua da guretzat eta horrekin jokatzen dugu».

Emanaldi intimoak

Gertutasun horren peskizan, gune txikietan antolatzen dituzte Ahopeko Kontzertuak, bertaratzen direnen gozamenerako emanaldi intimoak eskainiz. Normalean 30 lagun inguru batzen dira, ez gehiago. «Askotan pentsatu izan dugu aforoa handitzea, baina oraingoz kopuru horretan mugitu izan gara, gertutasuna handiagoa izaten delako guztion artean», iritzi dio Urrutiak. Gainera, emanaldietan eratzen den ekosistema berezi horretan, beste ezeren gainetik, musika nagusitzen dela dio: «Musikak hartzen du garrantzia eta jendeak hori errespetatzen du. Tamalez, ez da gauza bera gertatzen ohiko aretoetan egiten diren kontzertu gehienetan, jende asko batzen denean, batez ere. Sarritan kontzertuak ekimen sozialak izaten dira eta jendea, musika entzutera joateaz gain, elkarren artean hitz egitera ere joaten da. Hori ikusle batzuentzat –baita musikari askorentzat ere– nahiko frustrantea izaten da; are gehiago, errespetu falta bat ere izan daiteke askorentzat. Guk bestelako giro bat sortu nahi dugu», agertu du. Zentzu horretan, kontzertu gehienak akustikoak izaten direla jakinarazi du Urrutiak, «honek ere laguntzen duelako giro lasaiago bat sortzen», bere ustez.

Arduradunek diotenez, Ahopeko Kontzertuetara gerturatzen den publikoa fidela izaten da. «Ekimen txikia da eta zerrendan izena eman dutenen gehiengoa azaldu ohi da emanaldietara», dio Urrutiak. Gainera, askok errepikatzen omen du esperientzia. «Oro har, musikazaleak izaten dira animatzen direnak, musikan esperimentatzea maite dute eta ez zaie axola bost euro xahutzea musika ona entzuteagatik, nahiz eta taldea ez ezagutu. Gainera, musikari berri asko deskubritzen dituzte eta horrek bueltatzeko gogoa ematen dio bati baino gehiagori. Egia esan, orain arte ez dugu inolako kexarik jaso jendearen partetik, ez musikarien, ezta lekuaren inguruan ere», jakinarazi du Urrutiak.

Publikoarentzat esperientzia polita eta desberdina da honakoa, baina baita musikarientzat ere, nola ez. Urrutiak nabarmentzen duenez, hauentzat ere erronka polita da publiko ezezagunaren aurrean jarri eta berau poltsikoratu beharra: «Ez dakite nor etorriko den, ez dakite jendeak nola erantzungo duen, eta horrek ezinegon bat sortzen die. Dena den, normalean oso gustura geratzen dira. Askok esan izan digute musikari moduan sekulako esperientzia dela jendea beraien musika adi-adi jarraitzen ikustea, eta distantzia laburrean dena bereziagoa dela iruditzen zaie».

Orotariko lekuak

Orain arteko kontzertu guztiak Bilbon egin dituzte, gehienak Alde Zaharrean edo bertatik gertu, Deuston egin zen bat izan ezik. Antolatzaileek diotenez, gune bat edo beste aukeratzean, lekuaren originaltasunari erreparatzen diote. Hala, sekulako bistak dituen Plaza Berriko etxe batean, hirian zehar bizikleta txangoak antolatzen dituen enpresa baten lokalean, hotel bateko atikoan, bulego batzuetan, liburu denda batean, baratze batean, arte eta dekorazio estudio batean eta bizikleta konponketak egiten dituzten tailer batean eskaini dituzte, esaterako, orain arteko emanaldiak. Hasierako asmoa kontzertuak etxe pribatuetan eskaintzea bazen ere, gerora beste aukera batzuk sortu direla dio Urrutiak: «Guregana jo ohi duten anfitrioi asko ere musikazaleak izaten dira baina, horrez gain, batzuek badituzte aproposak izan daitezkeen lantoki edo lokal komertzialak. Gainera, askori interesatzen zaie beraien espazioa –kasu askotan negozioa ere badena– erakustea, jende berria bere negoziora erakartzeko modu bat ere bada-eta beraientzat, azken batean».

Ideia bera beste herri edo hiri batzuetara hedatzeko ideiaz galdetuta, oraingoz Bilbon «nahikoa lan» badutela dio Urrutiak: «Hauxe da gure eremua, ezagutzen dugun esparrua, hemen ditugu gure jendea eta kontaktuak, gustuko ditugun espazioak lokalizatuta ditugu eta harremanak egitea beste inon baino errazagoa zaigu. Beste leku batera joateak zailduko luke guztia, eta lan gehiegi izango litzateke, jende gehiago beharko genuke dena antolatzeko… Beraz, oraingoz nahikoa dugu nahi dugun guztia aurrera ateratzea lortzen badugu. Izan ere, konturatu gara, ekimen txikia izan arren, lan handia eskatzen duela hau guztia antolatzeak», onartu du.

Musikarekiko pasioa

Ez da ahaztu behar Ahopeko Kontzertuak ekimenaren helburua ez dela irabazi ekonomikoa ateratzea. Ez da dirua antolatzaileak mugiarazten dituena, musikarekiko pasioa baizik. Gainera, bost euroko sarrerak ez du askorako ematen, Urrutiak kontatzen duenez: «Guk ez dugu honekin dirurik irabazten, ezta asmorik ere. Galerarik ere ez dugu, noski, baina helburua praktikoa baino erromantikoa da. Sarreraren bidez eskuratzen dugun diruak berez sortzen diren gastu minimoak kubritzeko baino ez digu ematen: taldeei ordaintzeko, afaria eta garagardo batzuk erosteko eta gure kudeaketa aurrera eramateko, hori baino ez. Aurten ez dugu inolako diru irabazirik jaso eta aurrera begira ere ez da gure asmoa», gehitu du.

Martxoaren amaieran Ahopeko Kontzertuak martxan jarri zutenetik hamar kontzertu antolatu dituzte, eta egindako bidearekin «oso pozik» daudela dio Urrutiak. «Dena ondo atera da orain arte; egia esan, guk uste baino oihartzun handiagoa izan du ekimenak. Poliki-poliki ikusten dugu bagoazela bide bat egiten, gero eta jarraitzaile gehiago ditugu sare sozialetan eta proposamenak ere egiten dizkigute. Hasieran kostatu zitzaigun geure burua ezagutzera ematea, baina bigarren edo hirugarren kontzertutik aurrera salgai jarritako sarrera guztiak denbora gutxian saltzen zirela ikusi genuen. Horrek aurrera egiteko indarra eman digu», kontatu du ekimenaren antolatzaileak.

Udako geldialdia pilak kargatzeko baliatu ostean, irailean itzuliko dira Ahopeko Kontzertuak, nahiz eta oraindik denboraldi berriko lehen kontzertuaren datarik ez duten iragarri. Datorren udara bitartean denboraldi osoa egiteko asmoa dute, lan mordoa izango duten jakitun izanik: «Kontzertu asko izango dira. Normalean, bi astetik behin emanaldi bat antolatu nahiko genuke, baina ez dakigu urte osoan erritmo horri eusteko gai izango ote garen. Baina bai: Gabonak eta Aste Santuko data berezi horiek salbu, nahiko genuke maiztasun horrekin datorren udara bitartean jo eta ke ibili», iragarri dute.