Joxean Agirre

Zutabe diskurtsiboak

Udan irakurri dudan libururik argigarrienetakoa Sanchez-Cuencaren “La desfachatez intelectual. Escritores e intelectuales ante la política” izan da. Madrilgo egunkari handietako iritzi emaileen artean idazleek duten presentzia nabarmenegia (inguruko herrialdeekin alderatuta, noski) kritikatzen du eta Sabater, Muñoz Molina, Juaristi, Marias, De Azua, Albiac eta enparauek dituzten obsesioen berri ematen, Ibarretxek bere plana aurkeztu zuenean hasi eta Kataluniako prozesuarekin jarraiki, nazionalismoa eta Espainiaren hondamendiaren arriskua bilakatu baitira gai ia bakar. Darabilten tonua hain da apokaliptikoa, hain agonikoa non askotan ontzia urpera, Espainia pikutara doala ematen duen. Kataluniaren edo Euskal Herriaren kontra darabilten ahoberokeria hori kalifikatzeko «matxismo diskurtsiboaz» mintzo da autorea.

Liburuak pasadan idazle edo intelektual horietako askoren eboluzio (edo inboluzio) ideologiko harrigarria ere aztertzen du, asko Grapon, Bandera Rojan, ETAn edo ezkerreko edo ezker muturreko taldeetan militatzen hasi baitziren 60ko hamarkadan eta eskuin muturrean bukatu baitute.

Irakurketak, noski, gure prentsak dituen iritzi emaileez pare bat galdera sorrarazten ditu. Euskarazkoetara mugatuz, panorama zertxobait hobea dela dirudi, gero eta aditu gehiago, gero eta unibertsitateko irakasle gehiago ikus baitaiteke egiteko horretan.

Bi bitxikeria baditugu, dena den: Madrilgo prentsan idazleen duten lekua bertsolariek betetzen dute edo bete izan dute euskarazko prentsan, eta, bigarrenik, emakume zutabegileen ugaritasuna.

Bigarren kontu hori poztekoa da berez. Hala ere, bada emakume zutabegileen artean diskurtso feministarako joera bat. Datu berriak, gogoeta edo ikuspegi originalak ekarri beharrean, auzia aipatu eta diskurtso bat erantsiz osatzen baitute zutabea. “Feminismo diskurtsibo” bat egiten dutela, alegia. Halako zerbait egiten genuen guk marxismoarekin gazteak ginenean. •