Amagoia Mujika Telleria

Voxekeriak

Voxen voxekeriak. Gurasoen pinarekin bazterrak nahasten aritu dira lehenbizi. Hezkuntza publikoan haurrei masturbatzen erakusten zaiela, homosexualitatea bultzatzen dela... gezurra gezurraren gainean, saldu nahi duten apokalipsia irudikatzeko. Ez daukate erreparorik horretarako muntaiak egiteko, hitzaldiak asmatzeko eta urrutiko irudiak gertukoak bailiran saltzeko. Alegia, film porno batetik irudi bat hartu eta bost urteko haurren ikasgela batean kokatzeko gai dira, lotsagabe eta aztoratu gabe. Okerrena da jende gehiegi dagoela fake newsak mastekatu gabe oso-osorik irensten dituena. Eta sare sozialak apartekoak dira gezur bat mila aldiz errepikatu eta egiaz mozorrotzeko.

Horrekin aztoratuta genbiltzala, despistatuta, euskararen kontrako harropuzkeria etorri da. Euskaraz ez dakitenak baztertuta bizi omen dira euskararen herrian, beren hizkuntza eskubideak zapalduta. Alegia, komunitatean ura moztuko dutela ezin jakinda, atarian oharrak euskara hutsean jartzen direlako. Ez dago eskubiderik. Beren hizkuntza eskubideak zapaltzea gutxi ez eta lasai dutxatzeko edota barazkiak egosteko sekulako oztopoak sufritu behar, euskararen nagusitasunak eta agintekeriak zapalduta bizitzera kondenatuta daudelako.

Batzuetan, gutxi batzuetan, Voxekoa izateko desioa izaten dut. Irudikatzen duten jendarte desastre horretan haurren eta gaztetxoen sexu hezkuntzak sekulako garrantzia dauka eta oso-oso irekia da. Eta, gainera, euskara osasuntsu, indartsu, nagusi eta gaztelera zapaltzeko moduan dago. Egiatan, ez dakit Voxekoek zer botatzen dioten zopari, baina nik ere probatu nahiko nuke pixka bat. •