Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

ANNEKDOTAS

«Aurrez aurre» bideoklipa estreinatu berri du, emakumeen ahalduntze abesti bat. Aurten albuma plazaratzea espero du, bere musika eta hitzekin, oso gaztetatik egiten duen guztiak bezala mezu feminista garbia izango duena. Anne Rodriguez Kintana olatzagutiarra hasi besterik ez da egin, baina argi du zer nahi duen musikan eta bizitzan.

Martxoak 8 ditu. Anne Rodriguez Kintana musikari olatzagutiarra herrian dago, Gasteizko autobusa hartzeko zain, GAUR8ren deia jaso duenean. Eguneko mobilizazioetara joan baino lehen tarte bat daukala dio.

Gasteizen bizi da astegunetan; asteburuak Olatzagutian ematen ditu. Hantxe elkartu ohi da amarekin, hura Iruñean bizi baita. «Bien arteko erdi-erdian elkartzen gara», dio.

Aurkeztu duen lanagatik zorionak eman izana eskertu du. Eta Emakumeen Nazioarteko Eguna izateagatik? Pentsatu egin du pixka batean. «Bada, bai, egun hau kontuan hartzea lortu delako, egindako lanagatik. Normalean zorionak lan bat egin ondoren ematen dira; beraz, horregatik izan beharko lirateke zorionak, egindako lanagatik».

“Aurrez aurre” bideoklipa estreinatu berri du Annekdotas izen artistikoa duen gazte nafarrak, emakumeen ahalduntze abesti bat. Beldurbarik programak sortutako playlist honetan dago ikusgai: www.beldurbarik.eus/eu/. Bertan, BB Jarrera duten abestiak daude jasota.

Umetatik musikari

Gustukoa du mota guztietako musika, entzutea eta sortzea. Sei urterekin pianoa jotzen ikastera joaten zen Iruñeko neska baten etxera. Hark Anneren gustuko euskarazko abestiak prestatzen zizkion pianoz jotzeko, eta gaur egun hari esker jarraitzen duela dio pianoa jotzen, «zeren haur asko erreta ateratzen dira kontserbatoriotik, eta hori ez da nire kasua izan, beharrik». Ondoren, bere kabuz jarraitu zuen pianoaren doinuan abesten.

11 urte zituela, ETBko casting batera aurkezteko aukera izan zuen ikastolan. Bideoklip batean parte hartu zuen “Ziztu bizian” interpretatuz, “A toda mecha” abestiaren euskarazko bertsioa. «Oso esperientzia polita».

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan zebilela, “Auskalo” emakumezko taldea sortu zuen beste zenbait lagunekin. Haren ustez, oso garrantzitsua da garai horretan entzuten den musika, «zeren hori da zure identitatea argitzen ari denean zuk erabakitzen duzun musika». Urtero Nafarroako Haur Kantarien Jaialdietan parte hartzen zuen taldeak, eta azken urtean, 2016an, konposiziorik onenaren saria irabazi zuten, Anneren musika eta hitzak zituen “Amorru malkoak” abestiarekin. Gitarra, piano, biolin eta bost ahotsetarako abesti hura tratu txarrak jasandako emakume baten gainekoa zen. Ez dago abestiaren izenburuaren zergatia azaldu beharrik. Amak galdetzen omen zion nolatan bururatu zitzaion letra hori. «Azken finean, nik 14 bat urte nituen eta nik ez nuen hori sufrituta, baina gure belaunaldiaren aurreko emakumeek egunerokoan jasan izan dute, eta horiengandik ikasitako belaunaldia gara gu». Ikastolako talde feministan zebilen ordurako; beraz, argi zeukan bere ibilbidea borroka feministari lotua izango zela.

Aktorea

Antzerkia ere betidanik izan du gustuko. Batxilergoa egiteko garaian ez zekien zer hautatu, eta Barañainen Antzerki Batxilergoa egiteko aukera zuela jakin zuenean, «horretan ere zortea izan nuen», horri heldu zion gehiegi pentsatu gabe. Ondoren, Gasteizko Antzerki Eskolara joan zen ikastera. Eta egin izan du antzerkia, baina ez asko, ez musika adina, behintzat. Gogoan du orain dela zenbait urte Gasteizen “Martin Ttipia” antzezlanean parte hartu zuela, esate baterako. «Gainera, ni nafarra izanda, poz-pozik». Edonola ere, benetan gustuko duena eszena da, agertokia. «Edozer egitera igota ere, ipuinak kontatzera... Nire lekua agertokia da».

Orain aspaldi ez dela, “A golpe de palabra” obran parte hartu zuen. Gazteei bideratutako berdintasun mezua da, eraso eta jarrera matxistak non aurkitzen diren seinalatzen duen antzezlana. «Gaur egun beharbada eraso zuzen eta argi gutxiago daude, baina matxismoa oso barneratuta dago eta denera moldatzen da. Emakume gazteek asko jasaten dituzte, esate baterako, sare sozialetan. Agian argazki bat igotzen duzu eta mutilak ezin duzula hori igo esango dizu, sakelakoa kontrolatzen saiatuko da… eta horrelako gauzak ikusarazi nahi ditu antzerki lan horrek, edo gauean etxera itzultzerakoan emakumezkook kalean sentitzen dugun beldurra», azaldu du Annek. Antzezlanaren ondoren ikusitakoaren gaineko eztabaida izan zela gogoratu du: «Oso interesgarria zen ikustea nola emakumezkoak konturatzen ginen gauza batzuez gizonezkoak ez ziren konturatzen, eta askok nola aitortzen zuten hala dela».

Zigilu feminista

2018tik aurrera estilo berriei eutsi zien musikari nafarrak, reggaetona eta beste erritmo batzuk entzuten hasita. Oso gustura kantatu izan dituen abestiak; hala ere, hitzak oso oldarkor eta matxistak iruditzen zaizkio. Hain gustura dantzatzen zituen abesti horien antzekoak egin nahi zituen, baina letra aldatuta: «Gau osoan dantzatu duzun musika beste letra batzuekin entzunda, beharbada buruan beste giro bat duzula iritsiko zara etxera, ez dakit».

Ez du estilo bakarra. Gaur egungo erritmoetara jotzen du, musika urbanora, baina hitzekin oso selektiboa da, denetik entzuten badu ere. «Ez ditugu letrak gure bizitzara eraman behar, baina entzuten ditugunei bueltak ematen dizkiegu buruan. Nik ez diot gehiegizko garrantzia ematen entzuten ditudan letrei; nik egiten ditudanei, aldiz, bai».

Musika urbanoari ekin dio, beraz, baina bere ikuspegia ondo nabarmen utzita. Aspalditik berdintasuna, parekidetasuna eta tratu txarren eta oro har matxismoaren aurkako jarrera militantea da Anneren abestien ezaugarri nagusietakoa. Berak egindako letren mezua horrexen ingurukoa da.

Nolanahi ere, beste zenbait taldetan ere ibili izan da: Potroberoak punk taldean abeslari eta teklatu jotzaile, Noise Fucktory heavy metal taldean eta Sabin Joaquina y Veciversa taldean, harik eta joan den urtean bakarkako bidea jorratzea erabaki zuen arte.

Potroberoak taldean emakumezko bakarra zen bera, baina kikildu gabe jarduten zuen; hain zuzen ere, taldearen izena eta denak gizonezkoak izanda ere, dena ematen zuen agertokian, eta beste horrenbeste Noise Fucktoryn: «Heavy metala beti oso matxista izan da, eta esan zidaten abeslaria behar zutela; gainera, Judas Priesten bertsio bat egin behar zuten, eta oso ahots altua behar zuten. Nik egingo nuela esan nien, eta hiru urte eman genituen heavy metala egiten. Asko gustatzen zitzaidan, zeren publikoak ikusten zuen emakume bat gizonezkoen hainbat abesti kantatzen, heavyaren gogortasun horrekin… kontraste hori. Gainera taldekideek ere asko laguntzen eta animatzen ninduten».

Hausnarketa, abestietara

2018an “Kalamar man” sortu zuen, berari gertatutako esperientzia batetik abiatutako abestia, parranda egun batean mutil batek ipurdia ukitu zionekoa kontatzen duena. «Gainera, mutil hark ez zuen deus lortu, zer irabazi zuen? Abestiak dio ez duela ni ukitzeko eskubiderik». Aspaldi gertatu zitzaion hori, amarekin lehenengo parranda egin zuenean. «Tristea da, baina lotsatuta sentitzen zara ipurdia ukitzen dizutenean, nire erreakzioa izan zen pentsatzea amatxori ez niola kontatu behar», dio Annek. Baina gertatuaren gaineko hausnarketa egin zuen, eta musika jarri zion. «Emakume guztiok jasan dugu hori, nahi gabe edo nahita, baina gizonen artean hori ez da gertatzen». Anneren letrak «amorrua bideratzeko modu bat» dira. Motxilan koaderno bat eramaten du beti eta beti.

Bakarkako bidean murgilduta, pianoarekin eta ordenagailuarekin abestien oinarriak egiten ditu, hitzak eta ahotsa jarri eta berak grabatzen ditu abestiak, etxean.

Hitzak euskaraz eta gaztelaniaz egiten saiatzen da eskuarki, eta honela azaldu du: «Gaur egun arabieraz eta frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez entzuten dugu, eta kontua da hemen taldea euskalduna edo erdalduna dela, abesti osoa euskaraz edo dena gazteleraz, baina ez nahastuta, eta azken batean, ni euskalduna naiz eta erdalduna ere bai, eta nire adirazpidea ere bi hizkuntzetakoa da. Egunero erabiltzen ditudan bi hizkuntzak dira».

«Aurrez aurre»

«Abantailen koska berdintzeko ez badaude prest/ aurrera egiten gabiltza tinko, without rest./ Indartzen eme, neska, emazte, dama ta andre/ jarki gara ta orain zer? Aurrez aurre!». Horrela dio David Alvarezek zuzendutako bideoklipeko abestiaren amaierak. «Ez da emakumeen borroka bakarrik. Gizonezkoen borroka ere bada. Normalean gizonezkoak ez dira konturatzen badituztela pribilegio batzuk emakumezkoek ez dituztenak. Nik uler dezaket gizon batek bere pribilegioak galdu nahi ez izatea, inork ez du nahi, eta abestiak ‘aurrez aurre’ dio emakumeok pribilegio horien bila goazela. Gizonezkoak ongi bizi dira eta utz ditzagun, baina guk beraiek bezala bizitzera iritsi behar dugu, ‘pribilegio’ horiekin, eta lan egin behar dugu horra iristeko».

Bideoklipa Arabako Batzar Nagusietako bulego batean eta Olatzagutiko Cementos Portland Valderrivas fabrikan grabatu dute. «Hasieran nik ez nuen fabrikan grabatu nahi, zeren fabrikaren inguruan zalapartak izan dira herrian, nahiz eta herriko jendeak hor lan egin duen, halako kontraesana egon da beti, eta ez da ahaztu behar Olatzagutian minbizi tasa altuagoa dela fabrikarengatik… Baina Davidek proposatu zidan emakumeak edozein lanpostutan lanean agertzea, lagun batzuek daukaten garaje batean, porlan fabrikan, eta ni ez naiz fabrika horrekin identifikatzen, baina bai fabrika horretan gizonezkoak bezala emakumezkoak ere egotearekin» .

Lagunak, ezinbestekoak

Oso garrantzitsua dela dio bere sustraiak eta bere lagunak agertzea, «betidanik izan ditudan lagunak, ikaragarri maite ditudanak». Annek lagun gehiago agertzea nahi zuen, baina covid-19a dela-eta ezinezkoa izan da. Edonola ere, hurrengo lanetan emakumezko gehiago ateratzea da haren asmoa. «Zuk orain gizonezkoen bideoklip bat ikusten baduzu, kantaria agertzen da eta atzean 30 gizon builaka. Nik orduan pentsatzen dut hori nahi dudala egin, baina denak emakumezkoak direla. Orain covidaren kontu honekin ezin da, baina nire asmoa da horrelako bideoklip bat ateratzea, emakumezkoak ere samaldan joan gaitezkeela erakusteko».

Bere nortasuna ere argi utzi nahi du bere lanetan, eta gogoan du nola hasi zen nortasun hori eraikitzen: «Amak beti esaten zidan gauza bat: ‘Anne, guk bi borroka ditugu; bat, euskalduna izatea, eta bestea emakumea izatea’. Olatzagutikoa naiz, nafarra naiz, eta hori asko gustatzen zait, eta hori guztia nabariarazi behar dut, nire nortasuna. Bi lan izaten ditut egunero, euskalduna izatea eta emakumea izatea, eta hor ere amorrua dago, horregatik ere idazten dut».

Berehalako proiektu gisa, sei edo zazpi abestiko album bat atera nahi luke, “Aurrez aurre” hau ondo atera dela ikusita. Eta horretan dabil. Bost bat hilabeteko lana du aurretik horretarako, ordea. Gogo eta kemen falta behinik behin ez dauka. •