Naiz.info
Gasteiz

Euren karguak zin egin dituzte Lakuako Gobernuko zortzi sailburuek Ajuria Enean

Ajuria Enean euskara hutsez egin den ekitaldi ofizialean zin egin dituzte beren karguak Iñigo Urkullu lehendakariaren Exekutibo berriko zortzi sailburuek.

Urkullu, bere lan talde berriarekin, Ajuria Enean. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Urkullu, bere lan talde berriarekin, Ajuria Enean. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Lakuako zortzi sailburu berriek beren karguei zin egin diete Ajuria Enean egin den ekitaldian. Euskara hutsez, Gernikako Estatutuaren ale baten gainean guztiek fideltasuna aitortu diote Euskal Autonomia Erkidegoari.

Patxi Lópezen Exekutiboak 2009an erabilitako formula ez dute errepikatu Urkulluren kabineteko kideek. Lopezen sailburuek Konstituzioari, Gernikako Estatutuari, indarrean zeuden legeei eta euskal gizarteari agertu zieten fideltasuna.

Gaurkoan, hitz hauek errepikatu dituzte Josu Erkoreka, Arantza Tapia, Juan María Aburto, Ricardo Gatzagaetxebarria, Cristina Uriarte, Estefanía Beltrán de Heredia, Jon Darpón eta Ana Isabel Oregik: «Hartzen dudan agintea, Euskadiren zerbitzuan eta legearen arabera, zintzo eta leialki erabileko dudala, hitz ematen dut».

Iñigo Urkulluk pasa den larunbatean hartu zuen kargua Gernikan egindako ekitaldian, ostegunean Gasteizko Legebiltzarrean bozketa bidez lehendakari izendatu ondoren. Ostiralean eman zuen bere Exekutiboko kideen berri.

Elkarrekin lan egiteko deia

Ekitaldian, Urkulluk indarrak batuta lan egiteko deia egin die bere taldekideei, «bizi dugun egoera larria den arren, Euskadi hobea izan daitekeelako».

Kabinete berria bere «lan taldea» dela zehaztu du Lakuako lehendakariak eta elkarlanak iparrorratz izan behar duela Gobernuan.

«Egoerei aurre egiteko talde bezala sentitzea garrantzitsua da eta talde bat da euskal gizarteari eskaini nahi dioguna, denok norabide berean arraunean eginez», esan du.