NAIZ.INFO
Baiona

Hendaiako ikastola diruz laguntzeko Udalaren erabakia bertan behera utzi du Pauek

Hendaiako ikastolak bigarren eraikina eraiki zezan Udalak diruz laguntzea erabaki zuen, ekainean erabakiaren aurka agertu zen Paueko prefeta eta gaur behin behinean arrazoia eman dio departamentuko hiriburuko auzitegi batek, oraindik azken erabakirik hartu ez duen arren.

Baionako kaleetan ikastolentzat lege propioa aldarrikatu dute. (@MAITE_UBIRIA)
Baionako kaleetan ikastolentzat lege propioa aldarrikatu dute. (@MAITE_UBIRIA)

Paueko prefetak Hendaiako Udalaren ikastola laguntzeko erabakiaren aurka jo zuen ekainean eta gaur arrazoia eman dio, behin-behinean, Paueko auzitegi batek. Prefetaren arabera legez kanpokoa da erakunde publiko batek diruz laguntzea ikastetxe «pribatu» bat.

Erabakia ez da oraindik gaiaren sakonean sartu, baina behin-behinean Udalaren erabakia bertan behera utzi du eta beraz ikastolaren bigarren eraikinerako ezingo dute baliatu Herriko Etxearen dirua. Kazeta.info-ren arabera Battitt Sallaberry Hendaiako alkateak prozesua bururaino eraman nahi du eta dio Parisen erabakiko dela ikastolaren bilakaera eta hurrengo hauteskundeek «garrantzia» izango dutela.

Le Journal du Pays Basque egunkariak Hendaiako ikastolako zuzendaritzaren hitzak jaso ditu, «borondate txarreko jendea» dagoela salatu dute.

Aurrez, urtarrilean Baionako suprefetak ere bide beretik jo zuen Hendaiako Udalaren erabakiaren aurka gutun bidez. Patrick Dalennes-en erabakiaren ondotik protesta ugari antolatu zituzten Hendaian, ondoren prefetaren erabakia etorri zenean manifestazioa egin zuten Baionan ehunka herritarrek ikastolentzat lege propio bat aldarri eta uztailean PSren Baionako egoitza okupatu zuten aldarrikapen berarekin.

Beskoitzeko ikastola bide berean?

Sekuentzia bera errepikatu daiteke Beskoitzeko ikastolaren kasuan ere. Izan ere, pasa den astean suprefetak gutuna igorri zuen Herriko Etxera ikastolari utzi asmo zion zelaiaren erabakia bertan behera uzteko eskatuz. Suprefetak ukatu egin zuen Hendaiako kasu bera zenik, dosierraren hasiera zela argudiatuta, baina Hendaiaren kasuan suprefetaren gutunarekin hasi zen prozedura, Paueko prefetaren agindua etorri zen gero eta Paueko Auzitegiaren gaurko erabakia azkenik.