Edorta JIMENEZ – GAUR 8
MUNDAKA

Urdaibairen taupada

Bizirik den leku orok badu bere hatsa, bere arnasa. Zertatik edo nondik datorkion ez dakigun ukiezineko horixe, bai. Lekuan bertan egonik, eta zelan edo nondik etorria den ez dakigularik, gure baitara egiten duen zerbait. Bada, itsasontzira igota, Urdaibaik bere baitan duen “zera” hori bertatik bertara arnasteko modurik.

Urdaibaiko itsasadarra. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Urdaibaiko itsasadarra. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Zenbait lekuk bere arima duela esan ohi dugu, ez baitugu ulertzen ezerk arnasa egitea non edo non arimarik ez badu. Lekuoi buruz esan ohi dugu, baita ere, badutela bihotza, ezin baita hatsik izan nolabaiteko bihotzik gabe. Hala da ze, arima eta bihotza igartzen zaien lekurik bada Bizkaian, eta asko dira, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako ingurua dugu ederrenetakoa. Haatik, Urdaibairen bihotza eta arima non diren antzemateko tresnak behar dira, nolabait esan. Itsasontzia da tresnotako bat.

Ontzi guztiek, gizakiok legez, badute zeinek bere izena. Jabeek emana ontzien kasuan. Tradizioari loturik gehienetan. Halaxe bada, gureari “Urandere” izena eman diogu. Emakume izena. Basajaunaren simetrikoa. Urak eta basoak elkarri lotzearren geuk asmatua. Ez guztiz asmatua, egia. Bizkaieraren tradizioan hortxe dugu «ur-andra» hitza, zenbat tokitan «arrabio» esateko erabiltzen dena.

Joseba Sarrionandiak berak bigarren horren beste aldaera bat hobetsi zuen harako olerki gogoangarri hartan, “Sustraiak han dituenak” izenekoan:

 

Nekez uzten du bere sorterria / sustraiak han dituenak.

Nekez uzten du bere lurra zuhaitzak / ez bada abaildu eta oholetan.

Ez du niniak begia uzten / ez bada erroi edo arrubioen

Nekez uzten du gezalak itsasoa / ez hare harriak basamortua.

Ez du liliak udaberria uzten / ez elurrak zuritasuna.

Bere sorterria nekez uzten du / sustraiak han dituenak.

“Urandere” ontzian inguruan agertuz datorkigun guztiaz hitz egiten ahal da. Baita literaturaz ere.

Ia hamar metro luze eta hiru eta erdi zabal, karelen artean bada solaserako leku nahikorik. Gaurkoan hamar bat lagun ontziratu zaizkigu, berezietan berezia izango den ordu biko osteratxoari ekiteko. Irailak hemeretzi ditu eta, urteko itsaldirik ikusgarrienetakoa dugu gaur. Arratsaldeko laurak eta itsasoak ibaian gora ura ekarri eta ekarri segitzen du. Hona, bada, Urdaibairen bihotzaren taupadetako bat; itsasoaren gora etortze hau. Beste taupada batzuk ere antzeman ahal izango ditugu. Horiexen bila abiatu gara gaur, bisitariak Muruetan hartuta.

Ontziratzeko Murueta hautatu badugu, hautatu ere, ez da kasualitate hutsez izan. Urdaibaiko altxor ezezagunenetakoa da. Herri-gune nagusia, Gernika eta Bermeo arteko errepidearen ekialdeko hegalean bera, erraz iristen den lekua da. Bertan dira eliza, herriko taberna, beronen terraza ederra, jolastokia eta frontoia. Horretan oinez abiatuta hogei bat minutuko bidea dugu ontziratze lekuraino. Teileri Zaharraren ondoan, hain zuzen. Horko tximinia ikusgarria da, literalki. Bere hogeita hamabi metroekin Urdaibaiko paisaiaren osagarri funtsezkoa da. Bada, ontzian sartuta esan ditudan lehenengo hitzak Muruetari buruzkoak izan dira. Bertoko alkate Jabier Ondarzak, ontzian da-eta bera ere, eskertu egin ditu hitzok. Horren ostean nora jo erabakitzeko tenorea da. Arrano arrantzalearen inguruetara, aho batez erabaki dugu.

Arrano arrantzalea

Arrano arrantzalea Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren ikurretakoa bilakatzeko bidean doa. Edo dator. Izan ere abian baita espezie horrek berton habia egin dezan landu den egitasmoa. Egitasmoarekin zerikusia duten hiru lagun ditugu ontzian. Edorta Unamuno, Jose Mari Unamuno eta Aitor Galarza. Lehenengo biak Gautegiz-Arteagan sortu duten Urdaibai Bird Center horrexetako langileak dira; Bizkaiko Foru Aldundikoa, berriz, Aitor. Beronek daroa egitasmoaren ardura nagusia, halaxe esan dut aurkezpen hitzetan. Aitorrek berak gogorarazi dit Bird Center bera eta Aranzadi Zientzia Elkartea ere egitasmoaren parte direla eta babesleak, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundia eta Euskal Jaurlaritza direla. Hiru ornitologook ontzian izatea opari hutsa da, kazetarien adeitasun mailan igartzen da hori.

Ibaian behera goaz, banda bietara begira. Ababorrekoan, Galdakaon, dinamita honaino trenez ekartzen zen garaiko nasa biak ikusten dira. Hormigoizkoak. Behera, Astilleros de Murueta delakoa, bere garabi dinosauro tankerako horrekin. Aukera ederra ontziolen funtzionamenduaz berba egiteko.

Istriborreko bandan padurak, aspaldi batean lehorturik eta soro bihurturik izan zirenak, gaur egun itsasaldien mende. Gune horietan laboreak hazten ziren. Baita arroza bera ere, non ote da informazio hau eman zidan emakumezko hura! Datua ez baitut berresterik izan.

Arranoak behatzeko aukera-aukerako gunera iritsi gara. Berton lotuko gara? Baiezkoa aho batezkoa da.

Jaurti dugu aingura uretara eta kendu diogu giltza makinari. Isiltasun sortu berriak gure makinaren burrundadearen kontzientzia sorrarazi dit. Ez du zarata handirik ateratzen “Urandere”-ren makinak. Ehun zaldiko Solé da, diesela, hots eta dantzaren aldetik bat ere erasokorra ez dena. Martxan ibili ala geldi egon, nabarmena da aldea hala ere.

Ingurura begira gaude, ‘orain zer?’ elkarri mutu galdetuz. Hemen dena ederra da. Busturiako San Kristobal eta hango hegazti behategia mendebaldean, Kanala auzunea ekialdean, hegoaldean Oiz mendia eta han hegoaldean Laida eta Mundaka, berton da Erreserbaren erdigunea. Aitorrek, prismatikoak eskuetan beti prest, azaltzeari ekin dio.

Han, Anbeko izeneko baserri-etxearen ezkerretara den eraikintxoaz ohartarazten digu. Fikzio zientziako komikiren batetik aterea dirudi, egia. Burdinaren kolorekoa edo, lau begidun piztiaren betaurrekoak diruditen leihoak ditu. Arranokumeen haztokia da. Oilategien antzekoa. “Arranotegia”, esan dezagun. Ez da oker asmatua izena, ez. Han urrunean, Bermeon, bada Arranotegi izeneko mendia. Bada, hemengo arranotegi honetara hamaika arranokume ekarri diztuzte. Eskoziatik. Hango hamaika habiatatik bana hartuz. Aitorrek dioskunez, lau hegan joan dira, batek daki. Jakin ere laster jakingo dute, horietako batek edo bestek aldean baitarama nano-gpsa. «Ez, guztiek ez», diosku Aitorrek, teknologia garestia da eta. Jose Marik aparte batean esan dit bihar hasiko direla satelitearen bidez seinaleak igortzen, ulertu dut hiru ornitologoen hunkimena. Ez dut uste inguru hau hiru horiek baino hobeto inork ezagutzen duenik. Arranoei jateko ipintzen dizkieten arrainak eurok arrantzatzen dituzte. Hala kontatu du Edortak irribarretsu.

Lehen hegaldia

Aitorrek arranoen lehenengo hegaldiaz hitz egiten digu. Leihoa lehenengoz zabaldu zitzaien uneaz. Une hori aldagarri guztiak zuhur eta zorrotz aztertuz jokatu behar omen da. Erabakigarria izaten baita. Arranotxoak hor kanpoan zer ikusiko duen, horrexek eragingo dio nora jo. Basora joz gero, agur. Batek horrelaxe egin zuen eta, zorionez aldean nano-gpsa dutenetakoa izan bera! Berreskuratua, bada. Adi! Aitorrek arranotxoetako bat antzeman du, hegan. Hari begira paratu gara denok. Gurekin datorren Jaltzo argazkilariak ez dakit argazkirik egin ahal dionetz. Eta hara, beste bat! Ikusteko, esaten den moduan, begiratzen jakin behar da. Aitorrek arranotegiaren inguruan paraturik dituzten taket edo enbortxoak non diren erakusten digu. Gero kazetarien txanda da. Itzuliko al dira alde egin duten arranotxoak? Espero dezagun bi urte barru berriro hemen izatea habia egiteko, Aitorren erantzuna.

Bada, arrano arrantzalearen proiektuari buruzko daturik behienak eman dizkigute eta euren web lekura jotzeko esan. Hortixek kopiatu ditugu hurrengo lerroak.

«Uztailaren hasieran, bolondres talde batek eta pertsonal espezializatuak, eskoziar Gobernuaren baimenarekin, Eskoziako Highland-etan bildu zituzten arranoak. Hauek Aberdeen-etik Madrilera bidaiatu zuten hegazkinez Londresetik pasatuz, eta handik Urdaibairaino eraman ziren errepidez, Urdaibai Bird Center-eko langileen ardurapean. Madrilerainoko bidean, proiektuaren aholkularia den Roy Dennisek eta honen zuzendaria den Aitor Galarzak zaindu eta elikatu zituzten harrapariak. Londresen, bertako aireportuko Animalien Harrera Zentroko langileen laguntza bikaina izan zuten, britainiar hiriburuaren udaletxearen menpeko organismoa».

«Behin Urdaibain, arranoak egokitzapen-dorrean egon ziren 4-5 astez, harik eta inguru naturalean integratzeko adin egokia izan zuten arte. Askatzeko, egokitzapen-dorrearen ateak gauez zabaldu ziren. Era honetan, hegaztiak dorrea uzteko prest sentitzen zirenean atera ziren, egunez. Behin askatuta, Urdaibai Bird Center-eko langileek gurasoen eginkizuna bete dute, janlekuen bidez arranoak elikatuz. Ale gehienek lumajeari atxikitako transmisore txiki bat daramate, zeinaren bidez euren kokapena ezagutu daitekeen Urdaibain dirauten bitartean. Gainera, haietariko gutxi batzuei satelite bidezko transmisore bat kokatu zaie, hainbat datu ezagutzeko oso erabilgarria izango dena, besteak beste, haien bizi-eremuak, migrazio-bideak eta negu-tokiak. Arrano hauetariko batzuk elkarte desberdinen bitartez babesturik daude. Alde batetik, Muxikako Urretxindorra eskolak eta Gautegiz Arteagako Montorre eskolak “Urretxindorra” eta “Montorre” izeneko arranoak babestu dituzte. Bestetik, Valvospain enpresak, balbulak diseinatu eta ekoizten dituenak, “Urdaibai” izeneko arrano arrantzalea babestu du».

«Momentuz horietariko batzuk Urdaibaitik joanak dira eta litekeena da hurrengo egunetan arrano gehienek Urdaibaitik alde egitea negu-tokietara joateko, ziurrenik Afrika tropikaleko herrialderen batera. Haien lehen migrazio-bidaiaren arriskuak gainditzen dituztenak bertan egongo dira gutxienez bi negu igarotzeko eta, bizirautekotan, euren hirugarren urtetik aurrera bueltatuko dira, ugaltzeko. Bien bitartean, Urdaibai Bird Center-eko pertsonala, birsartze proiektuaren barruan, atseden-tokiak eta plataformak jartzeko lanetan ari da Urdaibaiko padura eta basoetan sakabanatuta, helburu argi batekin: bueltatuko diren hegaztiak bertan finkatu daitezela eta, hemendik urte gutxitara, Arrano Arrantzalea Iberiar penintsulako iparraldean berriz ugaltzeko aukera areagotzea».

Lerro horien ostean promesa ederra egiten digute egitasmoaren kudeatzaileek: «Epe laburrean gure webgunean atal berri batez gozatu ahal izango dugu non Urdaibaiko Arrano Arrantzaleen migrazio bidaia ikusgarriak jarraitu ahal izango diren».

Mugarria, Ozollo errota

“Urandere” gurearen aingura ontziraturik makina berriro sartzeko tenorea da. Itsasaldiaz gozatzeko ibaian gora egin gura dugu. Ontzian ekarri ditugun txakolinak eta gaztaiak, guztiak bertokoak zain ditugu. Ekin egin diegu, astiro, inguruak eskaintzen dituen irudiak ez baitira sabelaren pozaren truke begirik kentzekoak. Urek urtean behin edo behin baino estaltzen ez dituzten inguruok ikusgarri ageri dira. Norbaiti Nilo ibaia ekarri diote gogora. Argazkilariek honezkero mindurik ukan behar dute hatzen bat, tiro eta tiro ari baitira.

Ozollo errotara iritsi gara. Urak ia-ia belartzara iristen dira. Han atzean Gorbeia mendia agertu zaigu. Honago, Urdaibai Bird Center delakoa, bere dorre zibilarekin. Ez da, ez, inoiz gerrarako izan ez den Gautegiz-Arteagoko gaztelukoaren parekoa. Ez eta behar ere. Biak ala biak bakerako dorreak dira, ostera. Honaino iritsi gara eta, ornitologoei aholku eskatzen diegu. Ea ba noraino etorri “Urandere” honekin. Horraino, seinalatu digute. Eta hortxe egin dugu maniobra. Ez dugu gorago inoiz joateko asmorik.

Dena ere ez da ederra. Gaur, mareak gora eta gora ekarri izaten dituen hondakinak, ageri-agerian dira. Uretan, aldiz, garbiak ez diren bitsak eta aparrak antzematen ahal dira. Begien informazio horrek bihotzak urratzen dizkigu. Lehenengo mutu, halako batean karel artean garenok inguruok araztu beharraz hitz egiteari ekin diogu. Zerbait egin beharra dago, ados guztiok. Gernikaraino iristen den ubide artifizialean gora egin dugu.

Oka ibaiari egin zioten zauri honetan sartzen naizenero sentitu dudana sentitzen dut, zera, ez dirudiela artifiziala. Menturazko filma horietako baten batekoa dela ematen du. Leku honetan bere zentzu osoa hartzen du herritarrek “Urandere” ontziari paratu dioten izena: Afrikako Erregina. Ohikoa ez den halako emozio bat dario guzti-guztiari. Umeek eta gazteek ez ezik nagusiek ere, ontziz hemen izan ditudan guztiek sentitu izan dutena. Ene eskarmentuak diostanarekin bat, uretan dabilen satsak berak ere ezin du emozio hori hondatu. Emozio horretan gora Gernika-Lumo begien menpean uzten digun bihurgunera iritsi gara. Maniobratzeko leku egokia. Branka berriro Muruetara begira! Gabarrek ez horren aspaldi egiten zuten maniobra berritu dugu. Lema gobernatzea plazer hutsa da tarte honetan. Txirritxoak, lertxuntxoak, lertxun hauskara bera eta beste begazti batzuek guri begiratzean zer sentitzen duten, ez dakit. Ikaratu ez dirudi egiten direnik, ez baitute gugandik oso hurrunera hegaldatzen.

Muruetan, gero arte

Iritsi gara Muruetako batel-lekura. Agurrik ez, ostera. Jabier Ondarza alkateak eskertu egiten digu txangoa, baita bera alkate duen udalerriari buruz esandako hitzak ere. Egiazkoak esan direla esan diogu, eta gonbitea luzatu diogu. Oraindik ere horretarako tartea badutenei Teileri Zaharreko inguruak erakusteko. Bidaiak gonbidatuak txundituta utzi baditu, zer esan gero ikusi dugunaz. Inguru miragarria Muruetako hori, Busturialdeko historia ez ezik Hego Euskal Herriko historia ere aditzeko eta ulertarazteko leku aparta, besteren batean tarte zabalagoa egitea merezi duena.

“Urandere” gurearen aingura-lekura bidean aroaz egiten dut gogoeta. Iraila, urria, are azaroa ere, zein ederrak. Olerkiaz oroitzen naiz: Nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak. Gure sustraiak, izan ere, lau urtaroen zikloak sortu dituen inguruotan dira. Lau urtaroon sentzazioa noiztik gozatu ez duten eurek ere urteen kontua galdurik dutenak datozkit gogora. Gaurkoa lakoak egiten ditudan gehienetan bezalaxe.