@GARA_rpascual
BILBO

66. urteurrenean ere, itzultzeko eskubidea aldarri

Herri palestinarrak Nakba –hondamendia– Eguna dute gaur, 1948. urtean tropa israeldarrek ehunka mila lagunen exodoa behartu zutela gogoratzeko eguna. Ordutik 66 urte luze igaro dira, baina beren jatorrizko herrietara itzultzeko aldarria bizi-bizirik dira palestinarren artean.

Nakba gogoratzeko mobilizazio bat, Gazan. (Mohamed ABED/AFP PHOTO)
Nakba gogoratzeko mobilizazio bat, Gazan. (Mohamed ABED/AFP PHOTO)

Nakba. «Hondamendia». Hitz horrekin laburbiltzen dute palestinarrek jada 66 urtez luzatu den sufrikarioa. Maiatzaren 15ero gogoratzen dute 1948. urtean –egun hartan Israel estatu independientea aldarrikatu zuen– tropa israeldarrek eragin zuten exodo masiboa, 800.000 palestinar inguru etxea uztera behartu zuena.

Egun, bost milioi inguru dira errefuxiatu palestinarrak, bai Palestina barnean dauden gune desberdinetan, bai atzerrian bizi direnak.

Aurtengo zitaren harira, Nakba Oroitzeko Batzorde Nazionalak oharra igorri du, eta aldarrikatu «errefuxiatu palestinarrek itzultzeko duten eskubidea ez dela negoziagarria».

«Herri palestinarrak egun lazgarri hau gogoratzen du, eta hamarkadetan zehar luzatu den sufrikarioa», gaineratu dute.

Urteen joan-etorriak oinazea areagotu baino ez du egin. Izan ere, exodo horri Israelgo Estatuak bultzatutako okupazio errukigabeak modu nabarmenean baldintzatu baitu palestinarren bizitza.

Gaurkoan, mobilizazio ugari egingo dituzte palestinarrek, Nakba gogoratu eta errefuxiatuen itzultzeko eskubidea aldarrikatzeko.