Maider IANTZI
DONOSTIA
Entrevista
LEIRE SALAS
LA ANUNCIATA IKASTETXEA

«Beti atera nahi izan dut eta aurten izango dut aukera»

Leire Salas Altzako ikastetxe honetako irakaslea da eta aurten lehendabizikoz aterako den helduen konpainiako barrilen zuzendaria. Gehienbat gurasoek osatzen dute 65 laguneko taldea eta badira ikasle ohiak, irakasleak eta gurasoak ere.

Azken egunetako entseguetan bete-betean sartuta harrapatu dugu Leire Salas La Anunciata konpainiako barrilen zuzendaria. Gizon baino emakume gehiago dituen konpainia berri honen berezitasunak azaldu dizkigu.

Nolatan jaio da konpainia hau?

Guraso elkartean sortu zen. Eurek eman ziguten ideia eta batzorde bat eratu genuen. Hor hasi ginen martxan.

Nola jantziko zarete?

Aurten lehendabiziko urtea denez, denok sukaldariz jantzita aterako gara, galtza eta blusa zuriekin eta sukaldarien txanoarekin. Mantala eta zapia granateak dira.

Noiztik zabiltzate prestaketa lanetan?

Joan den urtean hasi ginen, kurtso bukaera aldera, ekainean, eta gaur arte. Hasieran hilabetean bitan edo hirutan elkartzen ginen. Orain, ordea, gehiagotan, arropa begiratzeko, aurrekontua ere bai, paperak betetzeko... Nahiko lan da dena aurrera eramatea, baina dena ondo ateratzeko ilusioarekin egiten dugu.

Beste konpainiaren batean parte hartu izan duzu ala lehen aldiz joko duzu danborra?

Lehenengo aldia izango da niretzat. Txikia nintzenean eskolako danborrada ateratzen zen, baina nik ez nuen inoiz parte hartu. Beti atera nahi izan dut eta aurten aukera izango dut. Pasaitarra naiz, baina eskola honetan ikasia naiz eta bertan beti presente izan dut Donostia Eguna eta beti ikusi izan dut telebistan banderaren igoera. Beti gustatu zait.

Zein ibilbide osatuko duzue?

Altzatik aterako gara, bihar, arratsaldeko seietan. Ibilbidea markatuta dugu auzoan barrena; sei geldialdi egingo ditugu taberna banatan eta ondoren, bederatzietan edo bederatzi eta erdietan eskolara jaitsiko gara eta bukatutzat emango dugu danborrada.