Oihana Llorente

Isiltasunak eta «zaskak», txiolarien arreta gune

Isiltasunak oihartzuna eragin zuten estatu mailako trendig topic bihurtu zen #25sDebate traolan. Zaskak edo ondokoa kolokan uzteko moduko erantzun azkarrak oso txalotuak izan ziren, politikaz harago umoreari leku egin zion Twitterren.

Lasai eta luze joan da bart ETB2k zuzenean eskaini duen eztabaida saioa. Erabakitze eskubidearen eta biktimen gaineko galderak airean utzi zituzten Urkulluk (PNV) eta Alonsok (PP), isiltasunek protagonismo berezia izan zuten debatean.

Sare sozialek gertutik jarraitu zuten eztabaida, #25sDebate traola hasieratik estatu mailako trending topic bihurtuz. Eguneko azken orduan bigarren erabiliena izatera heldu zen.

Iñigo Urkullu (PNV), Miren Larrion (EHBildu), Idoia Mendia (PSE), Alfonso Alonso (PP) eta Elkarrekin Podemoseko hautagai Pili Zabala aritu ziren gehienetan lasai joan zen ETB2ko eztabaida saioan. Isiltasuna izan zen baina, ezbairik gabe, debatearen une esanguratsuena. Galdera zuzena bota zion Elkarrekin Podemoseko hautagai Pili Zabalak Alfonso Alonsori: «Terrorismoaren biktima naiz?». PPko hautagaiak: «legearen arabera ez, baina, tira, zu bazara biktima.... gehiegikeria batena, abusu batena...». Eta hitzak aurkitu ezinean, luze iraun zuen isiltasuna egin zen.

Isiltasunaren oihartzunak sare sozialetan ere egin zuen burrunba.

Atzo bertan Gasteizen gertatuko etxe-kaleratzea aipatu zuen Miren Larrionek, datu makroekonomikoak alboratu, eta edonork uler ditzakeen ondorioak ekarri nahian. Ez zuen Urkullu ezustean harrapatu eta kaleratzea justifikatu gura zuten datuak bota zituen. Sorpresa, baina, Larrionek eman zuen, zirudienez Urkulluk baino gertuagotik jarraitzen zuen auzia.

Larrion, baina, estu hartu zuten ondoren bakegintzaren atalean. Maddalen Iriartekin ETB1eko saioan egin bezala, Urkullu lehena izan zen Larrioni ere kondenaren eztabaida mahai gainean ipintzen.

Euskara hauteskunde lehia betean dago eta atzo ere guda zelai bihurtu zen. Miren Larrionek hizpide izan zuen PSEk egin berri duen bideoa; PP eta PSEko hautagaiek ordea, euskara eskakizun baxuena zein izan behar zuen izan zuten eztabaidagai.

Pili Zabala euskarazko saioan baina dezente hobeto aritu zen atzokoan. Hala eta guztiz ere, bere interbentzio askotan presente izan zituen odontologo eta podologoak, eta baita Canadako Argitze Legea ere, eta noski, ezin izan zuen Twitterreko erabiltzaileen txantxei izkin egin.

Debatearen dinamika eta bereziki, Urkulluren hitzartze luze eta errepikakorrak, iruzkin ugari eragin zituen Twitter sarean.