NAIZ
PORTUGALETE

Denboraldiko azken bandera eta Liga, Bermeora

Urdaibaik, Eusko Label Liga irabazteaz gain, Portugaleteko uretan lehiatutako El Corte Ingles bandera ere irabazi du. Sailkapen nagusiko bigarrena, Hondarribia, laugarren postuan sailkatu da gaur.

Urdaibaiko arraunlariak, banderarekin. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Urdaibaiko arraunlariak, banderarekin. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Iritsi da amaierara 2017ko Eusko Label Liga, ohi bezala, Portugaleten. Bertan lehiatu da igande honetan El Corte Ingles bandera, sailkapen nagusiko irabazlea zehazteko balio izan duen bandera. Urdaibai nagusitu da Portugaleten eta, ondorioz, baita Ligako sailkapen nagusian ere.

Bi txanda baino ez dira lehiatu gaur, igoerako play off-a lehiatu baita aurretik. Lehenengo txandari dagokionez, Zierbena nagusitu da, Ondarroa (+3) eta San Juanen (+5) aurretik. Pasaitarrak izan dira aurretik ia estropada osoan, baina kaleen arteko lehia dela eta abiadura galdu eta hirugarren amaitu dute.

Ohorezko txandari dagokionez, Hondarribia izan da zozketan kaltetuena eta estropada abiatu bezain pronto ahalegindu da bere laugarren kale hori utzi eta barrurako bidea egiten. Mugimendu horietan denbora galdu du Ama Guadalupekoak eta ezinezkoa egin zaio estropada lehiatzera iristea.

Hala, bi estropada egon dira: Orio eta Urdaibaren artekoa aurrean eta Kaiku eta Hondarribiarena atzean. Oriok denbora asko egin du estropadaren buruan, baina azken luzean, kalea lagun, nagusitu da Urdaibai. Hala, bost segundoko aldea atera dio Oriori, 14-koa Kaikuri eta 27-koa Hondarribiari.

Zazpi estropada irabazi eta 201 puntu erdietsita eraman du Eusko Label Liga Urdaibaik; sei garaipen eta 196 punturekin amaitu du Hondarribiak eta lau bandera eta 181 puntu lortu ditu Oriok.