Jon APEZETXEA

Poz handia eta pena handia

Finala hasi aurretik argi geneukan alde batetik poz handia hartuko genuela irabazleengatik eta pena ere halakoa izango zela galtzaileengatik. Kontua da finala ez dela nahi bezalakoa irten, urdinek ez dute euren maila eman eta alde horretatik pena nahi baino handiagoa ere bada.

Finala hasi aurretik argi geneukan alde batetik poz handia hartuko genuela irabazleengatik eta pena ere halakoa izango zela galtzaileengatik. Kontua da finala ez dela nahi bezalakoa irten, urdinek ez dute euren maila eman eta alde horretatik pena nahi baino handiagoa ere bada. Bitxia da baina txapelketan eurak izan dira bikoterik erregularrena eta unerik txarrenean jokatu dute euren partidarik txarrena. Pena alde horretatik da nahi baino handiagoa, baina hau kirola da, finalak horrelakoak izaten dira sarri eta zaila da final ona irtetea.

Txarrena finala hasiera-hasieratik hautsi dela izan da, Beñatek bi edo hiru pilota galdu ditu, normalean galtzen ez dituen horietakoak eta iruditzen zait partidatik irten egin dela. Urdinek ez dute euren mailarik eman baina nafarrei ezin zaie inolako meriturik kendu.

Txapelketa hasieran zalantza handiak erakutsi zituzten bitartean, gogoratu behar da lehen itzulian hiru partida baino ez zituztela irabazi, partidarik garrantzitsuenetan izugarri jokatu dute eta merezimendu osoz jantzi dituzte txapelak. Zabaletaren finalerdietako hiru partidak eta finalak aztertzen baditugu, esango nuke azken bi urte luzeetan eman ez duen maila hori eman duela eta Zabaleta horrela denean onena da. Gainera, Ezkurdia ere oso zentratuta egon da, atzera jotzen asko ikasi du eta Rezusta ez zen inoiz hain dominatua egongo.