Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Jainkoa, saltxitxak eta urruneko galaxiak, Beldurrezko Astean

Film laburrei eskaintzen dien «espazio berezia» goratu eta euren proposamenak pantailaratzeko formatu hori erabili duten hiru zuzendariren lanak eskaini zituen atzo Donostiako Fantasia eta Beldurrezko Zinema Asteak. Iban del Camporen «Espedizio handia», T. J. Yoshizakiren «Hot Dog» eta Stian Hafstad-en «Library of God» aurkeztu zituzten.

«Film laburrari espazio berezia eskaini nahi izan diogu, guretzat berezia baita», esanez abiatu zuen Josemi Beltran Donostiako Fantasia eta Beldurrezko Zinema Astearen arduradunak atzoko aurkezpena. Gogora ekarri zuenez, badira zenbait urte jaialdiak film luzeei ematen zitzaizkien zenbait sari ekonomiko ezabatu eta formatu laburreko proiektuetara bideratu zituela eta, atzo, nazioarteko jaialdian parte hartuko duten hiru labur izan ziren protagonista: Iban del Camporen “Espedizio handia”, T. J. Yoshizakiren “Hot Dog” eta Stian Hafstaden “Library of God”.

Del Campok orain berrogei urte bere aitak idatzitako zientzia-fikziozko ipuin batean oinarritu du bere lana: off ahotsak galaxia baten erdigunera doan espedizioaren gaineko ipuina kontatzen duen bitartean, pantailan espazioko irudiak eta Del Camporen osaba batek 70-80ko hamarkadetan filmatutako familia irudiak –batik bat belazean jolasean ari diren haurrak– ikusten dira. Egileak azaldu zuenez, aitak idatzitako eskuizkribua etxe-aldatze batean galdu zuten eta berreskuratzean hura pantailara eraman behar zuela erabaki zuen; «lehen aldiz irakurri nuenean Julio Verneren lurraren erdigunerako bidaia etorri zitzaidalako gogora, ilusio handia egin zidan».

Hafstad-ek proposamen bitxia egiten du “Library of God”-en: Jainkoak zeruan nahikoa leku ez eta euren bizitzan ezer onuragarririk egin ez duten lurtarren biografien liburukiak dagozkien pertsonei bidaltzen dizkie. Komedia ukitua duen filmean, bere biografia zerura itzul dadin zerbait adierazgarria egiten ahaleginduko da protagonista. «Haur nintzela galdera ugari egiten nizkion neure buruari, eta pentsatzen nuen bikaina izango zela erantzun guztiak zituen libururik egongo balitz», esan zuen.

Zuzendari norvegiarrarena baino proposamen gordinagoa da Yoshizakiren “Hot Dog”. Polizia operazio baten ondotik ondoezik sentituko da polizietako bat, ikuslea harrituko duten haluzinazioak izateraino. «Oso bizarroa da, baina hala izatea nahi nuen», esan zuen.

Yoshizaki pozik agertu zen, Donostian harrera ona izateaz gainera, filma saritu baitute Los Angeleseko West Coast eta Marina del Rey jaialdietan. Donostiako ikusleengandik «publikoa ero samarra» bada ere «denetariko erreakzioak, onak eta txarrak» izaten dituztela estimatu zuen.