NAIZ
DONOSTIA

Onkologikoa Osakidetzan integratzeko lehen urratsa txalotu du EH Bilduk

EH Bilduk positiboki baloratu du Onkologikoa Osakidetzan integratzeko sinatu den hitzarmen eredua, baina «integrazio funtzional» bat izaki publifikazio «erabatekoaren alde» lanean jarraituko duela nabarmendu du.

Xabier Olano eta Rebeka Ubera, gaurko agerraldian. (EH BILDU)
Xabier Olano eta Rebeka Ubera, gaurko agerraldian. (EH BILDU)

EH Bilduko Xabier Olanok eta Rebeka Uberak agerraldia egin dute, Onkologikoa Osakidetzan integratzeko sinatu den hitzarmenaren balorazioa egiteko. Azaldu dutenez, positiboki baloratzen dute Lakuako Gobernuaren «norabide aldaketa» eta Onkologikoa Osakidetzan integratzeko «hasteko emaniko urratsa, hitzarmenak horretarako bitarteko funtsezkoak ahalbidetzen dituelako».

Nolanahi ere, ohartarazi dute hitzarmen horretan jaso daitezkeen zenbait neurri «kontrako norabidean joan daitezkeela borondate politikoaren arabera». Horregatik, koalizio abertzaleak neurri horiek aldatzeko lan egin eta neurri «positiboak sakontzeko ahaleginean» jarraituko du.

Sinatutako hitzarmenak «integrazio funtzionala bakarrik» ekarriko duela dio EH Bilduk, eta horregatik publifikazioa «erabatekoa» izan dadin lan egingo du, Uberak eta Olanok adierazi dutenez.

Gogora ekarri dutenez, Onkologikoa «atorriz, izaeraz eta helburuz publikoa da: erakunde publikoen bidez sortu zen minbiziaren arretarako, ospitale monografiko gisa eta orain arte ere diru publikoa erabili izan da beronen jarduerarako, urtero berrikusten zen kontzertazioaren bitartez». 2013ko martxoan Gasteizko Legebiltzarrak Onkologikoa Osakidetzan integratzea onartu zuen EH Bilduren ekimenez, «horretarako Kutxa Fundazioarekin elkarrizketak abiatzea eta plangintza bat adostea». Urte hartan bertan Kuxako Administrazio Kontseiluan eskaera berberak egin zituen, baina «Jaurlaritzak eta Osasun Sailak beste alde batera begiratu zuten».

Orain, norabide aldaketarekin eta integrazio osoaren bidean, lehen integrazio fasea funtzionala izatea «zentzuzkoa» deritzo EH Bilduk, «Onkologikoa errekuperatzea suposatzen duelako eta Osakidetzak onkologian esperientzia eta ibilbide luzeko Onkologikoko langileekin kontatu ahal izango duelako, taldea handitzearekin batera».