‘Kondoiarekin? Bai, noski!’. Hauxe da Arabako Hiesaren kontratako batzordeak (Sidalava) Gasteizko jaietan abian jarriko duen kanpainaren leloa. «Bai, noski ondo pasatzeari; bai, noski alaitasunari; bai, noski aniztasunari; bai, noski berdintasunari eta bai, noski sexu harreman seguruei», azaldu du ohar batean.
«Urtero bezala, Andre Mari Zuriaren 2019ko jaietan, gure jaietan, Sidalavak osasunaren eta pertsona guztion eskubideen errespetua sustatzeko kanpaina aurrera eramango du», adierazi du, eta jai giroan izaten diren topaketak, ezustean izanez gero, segurtasun neurri txikiagoekin izateko aukera handiagoa dutela gaineratu du batzordeak, kanpainarekin elkarrekiko ardura eta autozaintzaren mezua zabaldu nahi duena hiritartarren artean.
Sidalavak GIB-a eta STIen infekzioak ekiditeko informazioa eta material prebentiboa banatuko ditu Gasteizko jaietan. Kartelak ipiniko ditu tabernetan eta txosnagunean. Bertan 6.000 kondoi eta 3.000 pegatina banatuko dira. Blusa eta neska kuadrillek ere pegatinak banatuko dituzte.
Halaber, laguntza behar dutenei arreta emango die batzordeak, bai telefonoz (945 257 766) bai Zapatari kalean duen bulegoan. «Beti bezala, kondoi banaketa, GIB eta Sifili froga azkarrak, informazio eta kontsulta zerbitzuak eskainiko ditugu», iragarri du Sidalavak eta eraso matxistei aurre egiteko deia egin du.
«Nola ez, sexu erasorik gabeko jaiei bai, noski! ozen esan nahi diegu, eta indarkeria zeinurik ikusiz edo adituz eraso hauek salatzea eskatzen dizuegu», azpimarratu dute.