
Espainiar Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkariordetzan, Atzerritarren Bulegoaren atarian bildu dira astearte goiz honetan makina bat gazte. Atzerritarrak dira eta 18 urte beteak dituztenez, tutoretzapekoak izateari utzi diote.
Kontatu dutenez, adin nagusiko bihurtzerakoan babes sistematik ateratzen direnean, kasu gehienetan laguntza ematen dieten erakundeekin «gizarteratzeko eta laneratzeko prozesu bati» ekiten diote «bizitza independente bat lortzeko». Autonomo izaten eta bizileku-baimenak eskuratzen laguntzen diete erakundeek.
Duela urtebetera arte, erakunde horiek igorritako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak berrikusitako ziurtagiri batekin nahikoa zen eskatzen zuten OAEAP-aren (Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoa) %100 frogatzeko (537,84 euro), baita bizileku-baimenaren bigarren berritzerako exijitzen duten OAEAP-aren %400 frogatzeko ere (2.000 euro baino gehiago).
Neurri berriak
Neurri berriekin, ordea, diru hori beren bitarteko propioetatik etortzeko eskatzen diete. «18 urterekin eta lan egiteko baimenik gabe diru hori aurreztuta eduki ahal izango bagenu bezala», adierazi dute hamaika kazetariren aitzinean, ikusmin handia sortu baitu gazteen agerraldiak.
«Eduki ezean, urtebeteko iraupeneko lan-kontratua eskatzen digute, Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (950 euro)», azaldu dute Fabian Tutu Socasik euskaraz, Ayoub Zerradik gaztelaniaz eta Mouhamed Amine Charatek arabiarrez.
«Egoera hori ezinezkoa da gazte batentzat, baita hemengo gazte batentzat ere», ohartarazi dute. Eta Barne Ministeritza espainiarrak abian jarri dituen praktika berri horien ondorioz, «abandonu, errefus eta desberdintasun egoerak» sufritzen dituztela nabarmendu dute. Horrek irregulartasunari egiten dio mesede.
«Egindako esfortzu guztia pikutara doa»
«Oso gogorra da egindako esfortzu eta lan guztia pikutara joaten dela jakitea. Pertsona askoren ahaleginaz ari gara: gurea, gazteena, hezitzaileena, irakasleena, Administrazio publikoena, gizarte erakundeena, fundazioena, GKE-ena... Horrek guztiak etorkizunean gizarte honi ekarpenak egiteko eta honen parte izateko erabili den diru-publikoa ez aprobetxatzea suposatzen du», azpimarratu dute.
Kolore Guztiak elkarteko Nerea Erdocia hezitzaileak jakinarazi duenez, Gipuzkoan ehun bat gazte daude egoera horretan.
Gogoeta egitera gonbidatu dute jendartea: «Zer nahi dugu gizarte gisa? Mendeko gazteak ala independenteak? Ekarpenak egitea edo zama izatea nahi duzue? Gure inklusioan lagundu nahi diguzue edo zailtasun bat izan nahi duzue gure bide zailean?».
Zenbait proposamen Atzerritarren Bulegoari
Trebatzeko behar duten denbora utz diezaiela eskatu diote gazteek Gipuzkoako Gobernuaren Ordezkaritzaordetzako Atzerritarren Bulegoari, 18 urterekin jendarteratzeko eta laneratzeko prestakuntza prozesuetan daudela kontuan hartuta.
«Beraz, OAEAP-aren %100 eskatzen diguzuenean, Foru Aldundiarekin hitzartutako erakunde batekin laguntza-prozesu batean gaudela aintzat hartzea eskatzen dizuegu. Horrela, prestakuntza jasotzeko eta lan merkatuan sartzeko denbora izango dugu, eta baimenaren bigarren berritzea eskatu behar dugunean lan kontratu bat lortu ahal izango dugu».
Manifestaziorako deia
«Ez dut laguntzetatik bizi nahi. Lan egin nahi dut, ekarpenak egin eta gizarte honen parte izan. Ez moztu hegoak!», aldarrikatu dute Fabian, Ayoub eta Mouhamedek.
Eskaera horiekin manifestazioa antolatu dute ostiral honetarako, martxoak 13, 19.00etan Bulebarretik hasita. Parte hartzeko gonbidapena luzatu dute.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

