Asier AIESTARAN

Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa ez dira korrituko aurten

Bi probak abuztuan ospatzeko ideia bertan behera gelditu da azkenean. «Bizi dugun egoera latz honetan ez zaigu iruditzen egitasmo jendetsu bat antolatzeko une egokia denik», azaldu du Julian Erasok.

Iazko ekitaldiko podiuma, Ion Izagirre garaile erdian (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Iazko ekitaldiko podiuma, Ion Izagirre garaile erdian (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa, Euskal Herrian jokatzen diren UCI WorldTour mailako bi probak, bertan behera gelditu dira eta azkenean ez dira korrituko aurten. «Oso erabakia zaila izan da, baina nahitaez hartu behar izan duguna», antolatzaileen hitzetan.

«Albiste hau ematea mingarria da guretzat, lasterketak egutegian mantentzeko gogor egin baitugu borroka», azaldu du Julian Eraso, antolakuntza batzordeko presidenteak. «Itzulia atzeratzeari buruzko albistea eman ondoren UCIrekin harremanetan jarri ginen. Abuztuko lehen astean egin zitekeen, eta aste horretako igandean bertan antolatu Donostiako Klasikoak –gogoratu behar da iaz lehen aldiz emakumezkoen Klasikoa ere jokatu zela–. Baina bizi dugun egoera latz honetan ez zaigu iruditzen egitasmo jendetsu bat antolatzeko une egokia denik».

Erasoren hitzetan, «gure lasterketek milaka pertsona mugiarazten dituzte ekitaldi barruan zein kanpoan. Egoera honetan ezin dugu gaixotasuna berriz piztea eta hedatzea eragingo duen ezer antolatu. Gainera, gure ustez orain ez dagokigu guri udalei eta gainerako erakundeei laguntza eskatzea. Urte luzez gizarteak eman digun hori guztia gizarteari bueltatzeko unea da, eta nahiago dugu erakundeek lasterketara bideratu duten dirua normaltasunera itzuli eta bizitzak salbatzen inbertitzea».

Donostiako Klasikoaren inguruan, antolatzeko orduan beti arazo ekonomiko handiagoak izan dituela jakinda, argi dute erakundeek ezingo luketela egun bakarreko proba horren kostua ordaindu. «Are gutxiago data berrian egin daitekeela %100eko segurtasunez jakin gabe».

2021era begira, Itzuliak jakinarazi du printzipioz aurten irteerak eta helmugak hartu behar zituzten udalerriek errepikatu egingo dutela datorren urtean, «baina baliteke hurrenkera edo ibilbidea zertxobait aldatzea».

Egutegia oraindik ez da ofiziala, «baina Itzulia apirilaren 5etik 10era bitartean koka dezakegu, eta Donostiako Klasikoa, berriz, uztailaren 31n», aurreratu dute antolatzaileek.